Kritika. Gasteizko 35. Jazz Jaialdia

Biolinak bete du Mendizorrotza

2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Kyle Eastwood / Nigel Kennedy Quintet

Lekua: Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: uztailak 13.

Eastwood eta Kennedy abizen ezagunak ez ziren nahikoa izan jendea Mendizorrotzara erakartzeko, eta kiroldegia erdi hutsik zegoen asteazken gauean. Edo erdi beteta, nola begiratzen den. Bata edo bestea izan, bertaratu ginenok mundu (son)oro interesgarria deskubritu genuen.

Kyle Eastwood aitaren gerizpean hazi da musikari gisa, eta zinemagilearen film arrakastatsuenetako soinu bandak konposatu ditu. Baina kontu bat da estudioko lan txukunak egitea eta beste bat jende aurrean berezko zerbait eskaintzea, eta proba hori nota onaz gainditu zuen kaliforniarrak. Marciac piezak zabaldu zuen gaueko jarduna, Frantziako jazz jaialdi bat antolatzen duen hiri baten izena baita. Songs from the Chateau irekitzen du pieza horrek, aurten argitaratu duen diskoa. Diskoan bezala interpretatu zuten, aire alaiaz eta erraz entzutekoa. Gero, Soul Captain etorri zen, hori ere disko berekoa. Baina saioa ez zen mugatu azken laneko temak aurkeztera, eta soinu bandetako piezak ere egin zituzten agertokian. Azken horien artean, Letters from Iwo Jima filmaren musika nabarmendu zen, ekialdeko soinuez osatutako pieza ederra, pianoaren eta baxuaren artean atmosfera gozoa sortuz. Bestelako piezetan, hala nola Andalucia eta Cafe Calypso haize tresnak nabarmendu ziren, soinu cool atseginari esker.

Nigel Kennedy izar bat da eremu klasikoan. Berak grabatutako Vivaldiren Lau Urtaroen diskoaren milioika ale saldu dira munduan. Biolinerako kontzertu gehienak grabatu ditu. Gasteizko Jazzaldiaren zuzendari Iñaki Añuaren hitzetan, ez dago dirurik Kennedyren kontzertu klasiko bat ordaintzeko. Hori guztia jakinda, ez nuen espero musikari ingelesa agertu zen bezala agertzea. Izan ere, ilea puntan —garai bateko punkyek zeramatena bezalakoa, baina horrek orrazkera asimetrikoan—, Aston Villa futbol taldearen elastiko batez jantzita —gainontzeko musikariek bezala— eta kikara bat eskuan. Zerikusirik ez amerikar musikariek trajez jantzita ematen duten seriotasunarekin. Piuraz aparte, musika zen gure arreta-gunea.

Euskaraz agurtu gintuen, eta berehala ekin zion lanari. Oso tema luzeak egin zituzten —ia ordu erdi batekoak—, kateatuta eskaintzen diren mugimendu batzuetakoak. Horretan arlo klasikoaren eragina hauteman zitekeen, baina kontzertu barroko batean ohikoa zen eskema (allegro-adagio-allegro) Kennedyren obretan lento-allegro-molto vivace-lento bihurtu zen. Ia kontzertu osoan biolin elektrikoa erabili zuen, salbuespen bakarra ukitu malenkoniatsuagoa emateko tinbre egokiagoa duen egurrezko biolina hartu zuen unea izan zen. Aho zabalik utzi gintuen haren sentikortasunak Fallen Forest pieza zoragarri horretan. Beste muturrean, Jimi Hendrixen obran inspiratutako tema bat aurkeztu zuen, gitarrista ezkertiak zeukan suzko doinua biolin elektrikora ekarriz. Kontzertuaren amaierarako, Brahmsen Hungariako dantza bat jo zuen, entzuleen gozamenerako eta bere dohainak are gehiago nabarmentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.