Kritika

Biolen biolentzia

Arkaitz Mendoza.
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Musika

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Andres Orozco-Estrada. Sopranoa: Christiane Karg. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: martxoak 9.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Enrique Jorda bere lehen musika zuzendaria omendu du kontzertu honetan, musikari handi haren jaiotzaren mendeurrena dela eta. Horretarako, azkeneko bi hamarkada hauetan orkestrak gehien interpretatu duen obra programatu zuten: Jesus Guridiren Hamar euskal doinu.

Orkestrak buruz gozatzen du obra, ez du baliabide berezirik behar obra horren oztopoak saihesteko. Hala ere, Orozco-Estradaren gidaritza kemen larregizkoa izan zen, orkestrari une oro den-dena esplikatu beharra sentituko balu bezala. Guridiren doinuak bakuntasunetik hazten dira, ez dute barne gogoeta berezirik behar, baina Orozco-Estradak—hara hor eratutako Amorosa zerutiarra— musikarien jariakortasuna guztiz ezabatu zuen, patxadaz eta gozamenez entzun beharreko erritmo dantzariak eta melodia esanguratsuak ikaragarrizko harribitxi balira bezala.

Zortzigarren atala, Dantzan zortziko erritmoa, traba handiz zuzendu zuen, gorputza, gerria eta burua neurriz gaineko mugimenduekin hornituz. Orozco-Estradak ez zituen orkestrakideak lasai asko utzi haien berezko Guridi interpretatzen, eta zailtasunak agertu zituen euskal musikaren hain ezaugarri diren ritardando txikietan. Zuzentze era errazago batetik emaitza onuragarriagoak aterako zituen, duda izpirik gabe.

Mahlerren laugarren sinfoniak sekulako zorioneko gorakada izan zuen interpretazioaren bilakaeran. Lehen bi ataletan Mahler jolasti bat azaltzen da, aurreko hiru sinfonietan antzematen ez dena, haize eta hariaren arteko elkarrizketak etengabekoak izanik. Haize atala gogotsu aritu zen, baina arratseko txalo zaparradarik beroenak biola taldeak irabazi zituen. Izugarrizko biolentzia, arima, epeltasuna eta dotorezia azaldu zituzten Poco adagio txatalean, dolurik mingarriena irudikatuz. Orkestrak eta Orozco-Estradak berak maisutasun handiko pasarteak biribildu zituzten sinfoniaren garapen uneetan, Karg sopranoaren eztitasuna barne. Xume hasi eta liluragarri amaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.