Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Bereziak

Biluztea arte denekoa

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
'Crazy Horse'

Zuzendaria: Frederick Wiseman. Herrialdea: Frantzia, AEB. Iraupena: 120 minutu.

Frederick Wiseman dokumentalgile ezagunak Parisko Crazy Horse kabaret mitikoa hartu du hizpide, eta hiriko erotismoaren tenplurik sakratuenaren sekretu guztiak deskubritu nahi izan ditu. Ikuskizun eta koreografia zoragarriak eskaintzen ditu 1951n Alain Bernardinek sortutako klubak, eta lehen aldiz sormen prozesua barru-barrutik ezagutzeko aukera dauka publikoak. Showgirls (Paul Verhoeven, 1995) edota Striptease (Andrew Bergman, 1996) produkzio ospetsuetan ikus daitekeen erotismoarekin ez dauka zerikusirik, dokumentalean aipatzen den moduan agertokian agertzen diren emakumeak ez baitira emagalduak edo dantzari arruntak; biluztea artea izan daitekeela demostratzen dute.

Dotorezia handiz kentzen dituzte arropak, eta zinema klasikoan gertatzen zen moduan iradoki egiten da, edozein eratan erakusteak ez baitauka meriturik ezta klaserik ere. Iradokitzea askoz eraginkorragoa da. Gainera, ikusleen artean ez dira mozkor eta galtzaileak egoten, baizik artistak, zinemagileak…. Intelektualei zuzendutako ikuskizuna dela esan daiteke. Ali izeneko zuzendari artistikoak Fellini eta Fassbinderren eragina aipatzen du, adibidez. Ikuskizunarekin txundituta geratu zen, eta pribilegiatu bat sentitzen da bertan lan egiteko aukera daukalako.

Erotismoa emakumeen gauza dela diote, horregatik, gizonak agertokitik kanpo daude. Gizonik ez da biluzik agertzen, klakea dantzatzen ari diren bitartean goitik behera estalita baitaude. Gorputz ederrez gozatu daiteke, baina pelikula aspergarria iruditu zait. Dantza eta erotismoa uztartzen maisuak dira, baina dantza piperrik interesatzen ez zaionari ez nioke gomendatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.