Literatura. 'AHULAREN INDARRA (OROITZAPENAK)'

Bilakabidearen lekukotasun paregabea

2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Egilea: Daniel Landart.

Argitaletxea: Elkar.

Aihen ahula oroitzapen liburua Ahularen indarra bihurtu du Daniel Landart idazleak, 30 urte luzeren ondotik. Zaharberritze eta osatze lana egin du, Laborari semea eta Eskulangilea ataletan ekarria orain. Zinez, izenburu berriak dioenez, ahulak bere indarra agertu du. Hots, bere burua hain ahula agertu zuen mutiko hura ez da horren ahula oraingoan.

Donostiriko (Baxenabarre) Harrigainborda etxaldeko haur-nerabearen oroitzapenak biltzen ditu liburuak, duela 50 urtekoak. Landart 1946an sortu zen, II. Mundu Gerra amaitu ondoan. Ordutik 1960ra bitarteko pasadizoak kontatu ditu lehen atalean, Baionara aldatu zen bitartekoak.

Duela 50 urteko Donostirik, Landarten munduak, aise eraman gaitzake Erdi Arora. Etxean urik ez, elektrizitaterik ez, komunik ez... Ogia etxean egiten zen, besteak beste. Amatxiren altzoan hezi zen mutiko hura naturaren erdian hazi zen. Eguzkia altxatzearekin sorkuntza zer zen ikusi eta ikasi zuen, eta edertasuna. Zailtasunak zailtasun ikasi ere.

II. Mundu Gerra aitzin, I. Gerla Handia izan zen. Aitatxi hartaz mintzo zitzaion Danieli. Landartek euskara berez jaso zuen, baina edertasunaren gustua bizitzak berak eman diola erranen nuke, sufritzeak berak naski. Ahularen indarra Ipar Euskal Herriko Obaba herrian nengoelakoan irakurri dut. Nekazaritza, natura, eskola eta erlijioarekiko lehen hartu-emanak dotoreziaz kontatu ditu egileak. Bere bizitza, beste hainbatena legez, bizitza bidaia da. Harrigainbordatik Donostirira joatea lehen kausitzea izan zen. Oragarre, Hazparne, Mugerre edota Lourdesera lehen bidaiak handiak egin zitzaizkion. Baiona lehen aldiz ikustea, mundiala.

Bidez bideko joan-jin horretan, nerabearen kausitze etengabea ageri da. Bere bilakabidea joan zen mundu bateko erakustaldi paregabea da. Herri honen kulturaren agerbidea, hiltze bidean zihoan euskararekiko atxikimendua. Alabaina, euskarak bizirik irauteko bitartekoak ukan bazituela ageri dira liburuan. Frantziar kultura eta hizkuntza indartsuak izanagatik, euskarak eta euskaldunek berezko baliabideak zituztela. Familian, bistan da.

Laborantzan aritzeko ahula izanagatik, indarra atera zuen bere baitatik ofizio baten jabe egiteko mutikoak. Indarrak atera zituen bere burutik ere — «Je ne parlerai pas en basque» izkiriatzera behartua izan baitzen— euskal kontzientzia baten jabe egiteko. Joan den mendeko Hegoaldeko nehork Iparraldeko historia ezagutu nahi badu, liburu egokia du benetan. Edukiz eta estetikaz. Hizkuntza oparoa aurkituko du, nork berea aberasteko paregabea. Batita Handia eta Anaiaren azken hitzak nobeletako pasadizoak eta pertsonaiak ere imajina ditzake.

Daniel Landart inposatutako frantses kultura eta ideologian hezia eta hazia —etxeko kulturaren nortasunean hori ez da hain markatua—, euskaltzale eta abertzale bilakatu zen. Alta, konparazione, Hegoaldeko eta Iparraldeko abertzaletasuna ez dela berdina agerikoa da. Liburua abertzale baten lekukotasun bitxia da, eta horrek berak erakusten digu euskaldunon izate anitza. Bi historiaren eta bi kulturaren ondorengoak gara.

Bidaia liburua da. Herritik, basotik, hirira doan euskaldunarena. Donostiritik Baionara aldatzen denarena. Sortzez euskalduna, eta euskaldun izaten jarraitu nahi duenarena. Baserritarra euskal langile bilakatuarena. Izateko sortu behar izan zuenarena, baita, kosta ahala kosta, sortu ere. Kultur eragile eta egile bilakatu zenaren historia. Erikor baina ez hilkor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.