KRITIKA. Dantza

Bikotetxo kontuak

Agus Perez.
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun

'Runa'

Konpainia: Lali Ayguade Company. Zuzendaritza artistikoa: Lali Ayguade. Zuzendari laguntzailea eta koreografoa: Fanny Cleyrat. Musika: Miguel Marin.Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Martxoak 13.

Aurtengo dFeriako lehen egun ofizialean Kataluniako Lali Ayguade Company etorri da Gazteszenako aretora, Runa izeneko lanarekin. Runa izenburua katalanezko obra hondakinaren ordaina izan daiteke, edo beharbada runa alfabetoko hizki bat, baina nik nahiago dut lehenengo adierarekin geratu, eszenan planteatu denak zerikusi handiagoa izan duelako bikote baten dekadentzia geldiezinarekin beste ezerekin baino.

Ilunean eta Miguel Marinen musika iragarle bezain inguratzailean bilduta hasi da guztia, lurrean botata zegoen sofa batean eserita zegoela bikotea. Une horren ostean, beste flash moduko eszena labur batzuk etorri dira, eta gero ekin diote benetako kontakizunari. Behegainetik sakabanatuta etxe bateko denetariko gauzak zeuden, eta emakumeak patinete batean gurutzatu du eszena, bere haur izaera azpimarratu nahian agian, baina baliteke bikotearen hasierako elkarbizitza alaia horrela islatu izana.

Hortik aurrera edozein bikote arruntaren bizimodua aletu digute dantzaren bidez, nahiko era didaktikoan, dena esan behar bada: bikotea nagusitzen joan da, emaztearen soinekoak adierazi digun bezala; ume bat eduki dute besoen artean, eraman duten izaratxo tolestuan antzeman dugun bezala; gero bikotearen haserrealdia etorri da, musikaren dramatismoan ulertu dugun bezala; eta azkenean zahartu egin zaigu bikotea, Aiguaderen azpikogona baldarrean igarri dugun bezala. Gizonaren jantziak, ordea, ez dira ia ezertan aldatu —beti gorde dute beren izaera zarpailtsua— eta oztopo nabaria izan dira mugimenduaren edozein definizio maila zehazterakoan.

Emanaldia koloretsua, dinamikoa eta entretenigarria suertatu da, eta, dantzaren arloari begira, argi dago maila ona daukatela biek ala biek, baina beren hiztegi koreografikoa ez zaigu aberastasun handikoa iruditu, beharbada Fanny Cleyraten proposamen koreografikoaren ondorioz. Azken finean, emanaldi osoan orain dela 30 urte ikusten genituen dantza-lanak etorri zaizkigu gogora, bai hain gai usatua hain era usatuan tratatzeagatik, bai dantzaren diseinua hain mugatua izateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.