Egilea: Sjón.Itzultzailea: Juan Mari Mendizabal. Argitaletxea: Pasazaite.
Sigurjon Birgir Sigurdsson, (Reykajvik, Islandia, 1962) Sjón ezizenez egin da ezagun bere herrialdean eta nazioarte mailan, honezkero 25etik gora hizkuntzatara itzuli baitituzte haren obrarik garrantzitsuenak. Islandiar poeta, eleberrigile eta kantu-letren sortzaile, Bjork kantari ospetsuenaren ahapaldietako hitzak idatzi ditu, esaterako, Dancing in the Dark Lars Von Trierren musikal heterodoxoaren kantuen letrak. Oraingoan, Pasazaite argitaletxeak haren Argoren ezpala eleberri-labur, bidaia-liburu, eguneroko edota historia-mitikoen kontakizuna argitaratu du, Juan Mari Mendizabalen itzulpenaren eskutik. Argoren ezpala honi esker, Islandiako liburu-saltzaileen eleberri onenaren saria lortu zuen 2005ean.
Kasualitatez edo kausalitatez, Sjón ezagutzeko aukera izan nuen Bruselan duela pare bat urte, Pen International Clubek Idazle Presoen Alde egindako mundu mailako bilera batean ezagutu ere. Deigarria eginzitzaidan haren itxura eta presentzia, aurre-hipster baten zantzu guztiak agertzen baitzituen, hainbeste maite duen XIX. mendeko idazle erromantiko baten itxurak alegia. Harekin hizketan hasi eta berehala, euskalduna nintzela esatean, Islandian 1615ean euskaldun baleazaleen aurkako sarraskiaren berri eman zidan, niretzat ezezaguna ordura arte. Istorio krudel hari buruz dokumentatzen ari zen, liburu bat xede. Gerora, gurean, besteak beste, Antonio Casado da Rochak poesiaren moldean oparo jorratutako gaia.
Argoren ezpala honetan, beste itsaso bareago batzuk aukeratu ditu, estilo oso neurtua baliatuz, kasik ez baita eztanda estilistikorako lekurik, postmodernismoaren ur hotzetan barna, bi itsas-bidaia nagusien zehar idatzitako egunerokoen berri emateko. Batetik, Vladimar Haraldsson Danimarkan ozta-ozta bizi den islandiar jubilatuak kargaontzi batean Itsaso Beltzera 1949an egin bidaia, kasik estilo burokratikoan emanikoa; Haraldssonek oso berariazko ideiak ditu arraina jaten duten Eskandinaviako kultur-zibilizazioez, haien nagusitasunaren seinale baita arrain-dieta. Bestetik, eta liburuko matrioxkarik erakargarriena ezbairik gabe, Zeneo argonauta ohiak, M/S Elisabet Jung Olsen itsasontziko bigarren ofizial lanetandiharduena, Argo argonauten ontziko branka-kaskotik ateratako ezpal baten bidez entzundako edo jasotako-aren berri ematen baitie, otordu osteetan, eskifaiako goi-ofizialei eta gonbidatu bereziei. Sjón-ek molde ezin neutroagoan aurkezten ditu Bigarren Gerra osteko kargaontzi baten eguneroko geldoa, kasik eliptikoki deskribatuz gerra krudelaren orbainak, eta Jason eta bere argonauten bidaia mitologikoak, Rodaseko Apolonioren Argonautikoak oinarri gisa hartuta. Egileak berak epilogoan argitu gisa, kristautasuna garaile suertatu zenean, jainkoak ezkutatu beharrean izan ziren. Jainkoen berreskuratze neurtu horretan datza liburuak eskaini oparirik jainkotiarrena eta lortuena. XIX.mendean, ordea, «Jainkoek aukera izan zuten trebeenak diren hori egiteko: gure arimak ukitzeko». Hasiera batean, irakurlea distantzia lar neurtu batetik murgildu daiteke istorio paraleloen hari ezberdinetan. Alta bada, bere neurtuan, bere bitxitasunean,trago geldoez dastatu beharreko eskaintza dugu Sjónen ezpaleko hau. Agian ez da nobela zirraragarri bat, baina bere txikitasunean, badaki barne-zirrara bat sortzen, kontalarien eta jainkoen gorazarre.
'Argoren ezpala'
Bikingoak, mito greziarren kareletik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu