KRITIKA. Musika

Bidezidorretan organoa gidari

Marta Garcia
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun

V. Bach Astea

Biolina: Larraitz Oiartzabal. Organoa: Ana Belen Garcia. Lekua: Donostiako Jesu eliza. Eguna: Azaroak 20.

Badira bost urte Donostiako Loiolako Erribera auzoko Jesu elizan Johann Sebastian Bach konpositoreari eskainitako aste musikala antolatzen dela. Nazioarteko artista ugari biltzen dira urtero barrokoaren maisulanak interpretatzeko, organo musikari beti toki berezia utziz. Iaz bertan behera geratu zen, eta, bizi dugun egoerari erreferentzia eginez, aurtengo edizioak In necessitatibus zailtasunean izenburua darama. Bada, behintzat, musikaren beharra, publiko ugari hurbildu baita lehen emanaldietara.

Larunbateko kontzertua Larraitz Oiartzabal biolin jotzaileak ireki zuen, Bachek 1703. eta 1720. urteen artean idatzi zuen biolin sortako lehen sonatarekin, BWV 1001. Birtuosismo handiko obra da, interpreteari ia atsedenik uzten ez diona. Oiartzabalek handitasunez hasi zuen Adagio-a; nahiz fugan eta Presto-an garbitasun falta pixka bat sumatu, erakustaldi ederra izan zen denera.

Ana Belen Garcia organistak hartu zion erreleboa gero, musika barrokoari eta, bereziki, Bachen musikari distira ateratzeko paregabea den Kleis organoan malgu bezain sendo. Preludioa eta fuga re minorren BWV 539 aurreko sonataren isla bikaina izan zen, funtsean biolin fugaren transkripzioa baita. Labirinto harmoniko txikia BWV 591 kutixi emankorra suertatu zen, paisaia tonal desberdinetan barrena, bide bakarretik erdigunerantz, Garcia gidari izanik bidexka malkarrenetatik ere begiak itxita barneratzeko moduan. Cothen-en zegoela idatzi zuen Bachek Preludioa eta fuga la minorren BWV 543, eta motibo azkarrez apaindu. Pedalierraren eta teklatuen hartu-emanean Garcia berriro ikusgarri aritu zen, baita berebiziko maisutasuna eskatzen duten kadentzia bizietan ere, sen ona eta norabide argia bateratuz.

Bukaeran biolina eta organoa elkartu ziren koroan, Biolin eta cembaloarentzako sonata do minorrean BWV 1017 interpretatzeko. Lehen Siciliano-an Oiartzabalek lerro dotorea marraztu zuen, Moneoren espazioa Erbarme dich ariaren malenkoniaz josiz, eta Allegro-a ere dantza gozagarria izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.