'Bidaia filosofikoak'

Bidaro epelen xerka

2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Egilea: Elena Martinez Rubio. Argitaletxea: Utriusque Vasconiae.

Euskal literaturak ez du azkenaldian izenburu erakargarri eta deigarririk aukeratzean asmatu, azken nobedadeen artean badira perla batzuk; liburu on baten atzean gauza askorik esaten ez duen titular lehor bat aurkitu daiteke. Titulu lar zirraragarririk ez duen Bidaia filosofikoak (Utriusque Vasconiae, 2015) honetan pentsamendu zirikatzaile eta ibiltariaren atzetik abiatu da Elena Martinez Rubio (Bilbo, 1957).

Filosofiako doktorea eta Euskal Filologian lizentziatua, idazle gisa erdaraz eman ditu orain arte lan gehienak, Hannah Arendt filosofo alemaniarra ardatz hartuta gehienetan. Bestalde, Baskisch-Deutsch/Aleman-euskara (Elkar, 2006 eta 2009) hiztegiaren egilea ere bada.

Zer dela-eta bidaia filosofikoak eta ez turismo filosofikoa? Egileak berak argitzen digu. «Turismo filosofikoa egon badagoelako. Turismo filosofikoak jokabide merkantilistak eta show-zaleak hartzen ditu barne. Baina filosofia ez da hobeto zabaltzen, ezta ulergarriago egiten, ikuskizun bihurtzen badugu ere, behatzaile edo ikusleei bide horretatik iristen zaiena beste kontsumogai bat baino ez da-eta». (BERRIA, 2015-10-11). Hannah Arendt kuttunaren gisara, Elena Martinez Rubiok ez du filosofia pedantea eta teorikoa, botereari lotutakoa, laket. «Inongo ideologiarekin ez boterearekin bat egiteko prest ez dauden horiek», Arendten hitzak berretsiko lituzke. Liburuaren lehen partean, Bidaide pentsalariak izenburukoan, idorrena eta akademikoena, prosa hertsi baten moldean, aipatu Arendt eta haren senarra izandako Günther Anders (erakargarria zatekeen bion arteko harreman bereziaren gaineko zertzeladaren bat) aztertzen ditu egileak, besteak beste. Badira zenbait bitxikeria deigarri suertatu zaizkidanak, batetik, Arendten «jaiokortasuna»-ren ideia, filosofia politikaren erdian ekintza kokatuta, kategoria ontologikotzat jo baitzuen alemaniarrak, San Agustinen ildoari jarraikiz, «Hasieratik izan dadin sortua da gizakia». Arendtek bere egin zituen aro baten hasieraren gaineko kontzeptua, kristaua izan ez arren. Ziur aski, Martin Heideggerren ikasle eta maitale izandako Arendten irakurle askok ez dute aintzat hartuko jaiotartasun kontzeptua, kristautasunari atxikita baitago. Martinez Rubiokkristautasunaren izenean historian zehar eginiko sarraskiak ditu hizpide liburu osoan zehar. Günther Andersen gaineko azterketa zehatz eta sakonean, filosofoaren azken egunen bortxaren aldeko hautua egin zait deigarri. Mundua suntsitzeko ahalmen nuklearraren aurrean bortxako hautua egin zuen. «Ondorioz, izua etengabe eragiten digutenez gero, baliteke noizbait beraiek ere etengabe izuturik bizi behar izatea».

Bigarren partean, Europa erdialdeko jakinduria galdu bati jarraiki, bidaro epelen bila abiatzen da, askotariko gaiak jorratuz. Eta prosa oparoagoa eta poetikoagoa darabil xerkatze horretan. «Zer dakigu heldu berri den neguaz? Ibilera ezagunaz bildu zaigu eta adituek ez digute ezustekorik iragarri. Baina, hala ere, ezer gutxi dakigu heldu berri den neguaz». Historia, hizkuntzalaritza, filosofia ekintzailea, zientzia eta pentsamendu askea, inongo botereri atxiki gabe, ditu bidaide bigarren parte horretan Martinez Rubiok. Halere, ez du Venezian Joseph Brodsky poeta errusiarrak utzitako edertasunaren ur-marka aurkitu. «Ur sakratuak kutsatu egin dira bitartean». Baina hobe dugu baikorrak izatea, ezerezaren aurrean baikorrak izatea besterik ez baitugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.