Literatura. 'Errepidean'

Bidaietan bidaiena

Idazlea: Jack Kerouac. Itzultzailea: Iñigo Roque. Argitaletxea: Pasazaite.

2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Bidaiatzea oso da probetxuzko gauza, irudimenari eragiten dio. Gainontzeko guztia desilusio eta neke hutsa. Gure bidaia hau, berriz, zeharo alegiazkoa da. Hortik du indarra». Ez dira Jack Kerouacen hitzak, ezpada Louis-Ferdinand Celinerenak, bere Gauaren muturrerainoko bidaia eleberriaren sarreratik ekarriak. Bi idazleon arteko lotura —bi eleberrion artekoa, nahi bada— ez baita debaldekoa; Kerouacek Celine kontsideratzen zuen «munduko idazlerik handiena», eta, Errepidean irakurrita, ukaezina da Celineren eleberriak —zeina, bidenabar esanda, Matias Mujikaren euskaratze dotorean dugun eskura Kerouacengan izandako eragina. Halaber, garaian garaiko literatur kritikariak ederki laketu ziren bi nobelekin: batzuek probokazio soiltzat baztertu zituzten, eta beste askok, berriz, mugarri eta erreferentetzat jo.

Eta, mugarri eta erreferente izanagatik, ezin esan Errepidean probokaziorik gabea denik. 1957an plazaratu zuten, AEBetako ongizate kulturaren aparraldi betean, artean garaiz 60ko hamarkadako kontrakulturaren leherketa prestatzeko. Izan ere, Sal Paradise protagonistak errepidean barrena aurkitzen eta sufritzen dituenak nekez kabitzen dira aldirietako etxetxoen backyard-ean. «Ez daukat zer eskaini inori, nire nahasmendua baizik», aitortzen digu protagonistak. Eta segi parrandan, segi errepidean, bizibidearen aldean bizitzaren bideari men eginez. Errepidea bizitzaren metafora bada, orduan nobela kantu bitalista errime bat da, zeinak oihartzun berezia izan zuen Kerouacen eta enparauen Beat belaunaldiaren mugetatik harago ere, AEBetako —eta ondorioz mundu osoko— 60ko hamarkadako kontrakulturan.

Kontaerari gagozkiolarik, Errepidean-ek badu zer aipatua. Kerouacek hiru asteko eldarnio sortzailean zirriborratu omen zuen nobelaren lehen bertsioa, orriak elkarri lotuz kiribil bat osatu arte: The Scroll ezaguna. Idazle zoro baten apetatik harago, baina, idiosinkrasia hori ere metaforatzat har liteke, paperera baitarama errepidearen joan taigabea. Kerouacek «prosa espontaneoa» esaten dio bere idazkerari, eta, zalantzarik gabe, horrek goitik behera ezaugarritzen du eleberriaren estiloa bera: kontakizuna etengabeko joanean doa, protagonista narratzailearekin bat, errepidean aurrera eta aurrera. Horretan, iruditzen zait Sal Paradise protagonista, pertsonaia bat bainoago, leku bat dela: leku bat zeinetara amiltzen diren, bidaian aurrera egin ahala, pertsonaiak, AEBetako paisaiak, giroak... Guztiak errepideak ekarriak, guztiak ere errepideak eramanak. Pertsonaia etengabeko joanean doa, eta, hain justu ere horregatik, badirudi geldi-geldirik dagoela, film klasikoetako autoak bezala, eta pertsonaiak eta paisaiak aurrean dantzatzen zaizkiola, pasadizo eta abenturen joan-etorri etengabean. Horretan ere badu antzekotasunik Celineren Gauaren muturrerainoko bidaia-rekin.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Iñigo Roqueren itzulpen bikaina, zeinak ederki eusten baitio Kerouacen testuari. Ezinago eroso mugitzen da nobelaren erregistro ugarietan, hala zatirik liriko eta jasoenetan nola elkarrizketarik gertukoenetan. Gurean, jatorrizko esaten zaien lan horietako gutxik dute hain hizkuntza aberatsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.