'De Gernika a Nueva York pasando por Berlín'
Testua: Jose Antonio Agirre. Moldaketa: Fernando Bernues, Patxo Telleria. Zuzendaritza eta eremu eszenikoa: Fernando Bernues. Zuzendari laguntzailea: Sara Cozar. Musika: Iñaki Salvador. Antzezlea: Iñaki Rikarte.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 1.Frankistek eta espainol beren aburuz demokratikoek maltzurkeriaz esaten dutenez, «nazionalismoa bidaiatzen sendatzen da», nazionalismoa sendatu beharreko gaitz bat balitz bezala eta beraiek nazionalistak ez balira bezala. Nazionalismoa, ordea, ez zitzaion Jose Antonio Agirreri sendatu, Euskal Herritik Frantziara, Belgikara, Alemaniara, Suediara, Uruguaira eta AEBetara joan arren, bere bizitza eta Eusko Jaurlaritza salbatzeko hartu zuen erbeste bidean.
Agirrek berak idatzi zuen De Guernica a Nueva York pasando por Berlín, Alemanian bertan eta identitate faltsuarekin ezkutuan zegoela, eta bidaia-koaderno hartako hainbat pasarte baliatu dira oraingo bertsio eszenikoa plazaratzeko. Izenburuak berak dioenez, Gernikan bertan hasten da kontakizuna, eta hiriaren bonbardaketaren notizia ematean kartsu bezain dotore agertzen zaigu lehendakaria, jario literario polit baten jabe, jaso zuen heziketa onetik heredatua seguruenik, baina ezinbestean hornitua une historikoak eta ardura abertzaleak emandako kementasunez.
Hasierako pasarte horretan hiri suntsitua iruditu zaigu eremu eszenikoa, multzo arkitektonikoen antzera sakabanatutako liburu metak zirela-eta, eta atzean proiektatu diren irudiek lagunduta. Handik aurrera, ordea, nahiko estatikoa edo esangurarik gabea egin zaigu esandako disposizioa, eta esan genezake balizko dramaturgiarako lagungarria izan beharrean betegarri estetiko soila izan dela emanaldian. Albo batean zegoen pianoak, ordea, rol politagoa jokatu du Agirrek Belgikan jasandako bonbardaketa baten eszenan, baina hor geratu da dena, elementu eszenikoei bestelako etekinik atera gabe.
Pianoarekin bat, noski, Iñaki Salvadorren musika aipatuko dugu, bere notekin girotu baitu lehendakariaren peripezia, akonpainamendu moduan betiere eta protagonismoa bilatu barik. Alde horretatik, ordea, nik eskertuko nukeen, noizean behin, pasarte distiratsuagoren bat entzun izana, batez ere proposamen eszeniko zapalean erritmo aldaketaren bat txertatzearren.
Protagonista nagusia —eta bakarra— Agirre lehendakariaren figura izan da, noski, eta Iñaki Rikartek hartu du hura gorpuztearen ardura, efikazia handiz presentzia eszenikoari dagokionez, baina makal ahotsaren proiekzioari begira, halako moldez non esaldi batzuk ezin izan ditugun ondo ulertu. Irudi proiektatuek, ordea, pisu handia izan dute —handiegia aukeran— eta haien peskizan nahiz muntaketan izandako lan eskergak merezimendu osoz kokatu du antzezlan hau antzerki dokumentalaren arlo beti interesgarrian.