KRITIKA. Artea

Bidaiatu nahi?

Aran Santamariak Donostiako Okendo kultur etxean ikusgai jarritako hainbat lan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun

Aran Santamaria. 'Hostoz hosto erantzi'

Non: Okendo kultur etxea, Donostia. Noiz arte: Urtarrilaren 30era bitarte.

Erakusketaren bat ikusteko gogoa dugunetan, nahiko ohikoa izaten dela iruditzen zait lehenik eta behin instituzio ertain eta museoetan une horretan agendan zer duten begiratzea. Bigarren pausoa, sarri, tamaina txikiko galerien webguneak bisitatzea ere izan daiteke, inguruan baten bat edo gustukoren bat baldin badugu bereziki. Eta azkenerako uzten dela iruditzen zait maiz auzoetako edo herrietako kultur etxeetan zer erakusketa dituzten begiratzea, hura gure ingurukoa ez denetan behintzat. Azken ariketa hau, ordea, sarriago egin beharko genuke, nahiz eta gehiago kostatu, esfortzuak sarri merezi izango duelakoan bainago. Izan ere, instituzio hauetan artearen zirkuitu nagusietatik kanpo mugitzen diren artisten lanak topatzen baitira askotan, bestela beraien lana ikusteko aukera gutxi izaten diren horienak. Sorpresa politak topatzeko parada izaten da, Okendoko kultur etxean une honetan dagoen Aran Santamariaren Hostoz hosto erantzi bakarkako erakusketaren antzera.

Aretoan sartu eta erakusketaren titulua biltzen duen aurreko horma luze eta beltzera begiak doazen unean, ezkerreko hormatik datorren argitasunak gorputza birarazten du. Pantaila txiki batean, animazio bat da topatzen den pieza. Julio Cortazarren hitzak bereganatuz eta ilustratuz, suaren epeltasunean eta izoztuta lurrera erortzen diren hostoek duten lasaitasunean, ongietorria ematen zaio bisitariari. Ongi etorria Aran Santamariarenera. Animazioaren protagonistaren moduan kataloxak begietara hurbildu eta erakusketa bisitatzeko ordua iritsi da. Iritsi da bidaiari ekiteko garaia. Eta bagoaz, Lurretik unibertsora; planeta koloretsuz betetako espaziora.

Ilusiozko espazio bat da, ametsak egia bihur daitezkeen lekua. Collagearen magia da. Irudi ezberdinak jaso eta, testuinguru berri batean, lotura eta irudikapen berriak sortzeak dakarrena. Proportzioen jolasak dira. Unibertsoko planetak pertsonen neurriko bilakaturik, haien egunerokotasunaren parte egin ditu artistak. Emakumeak dira planetak eta munduak sortzen dituztenak, pintatuz edo kozinatuz; sortu eta haien gainean zutik gogor eusten dietenak, irribarrez, disfrutatuaz, goxoki. Unibertso bereziak dira, baina. Musika notez blaituaz, ekintza, lan eta egiteko bakoitzak entzun ezinezko melodia bat izan du hautaturik. Soilik ikusi egin daitekeen musika mutua da; testuraz jositako musika.

Jolasaren parte da, Aran Santamariak sortzen dituen espazio poetikoen zati; collageak girotzeko, gorpuzteko eta bizia emateko, maiz aurrez ere bizia izandako orrialdeak edo paper zatiak erabiltzen baititu. Izandako hura biziberrituz, esandako kontakizunen gainean istorio berriak sortuz, berrirakurketak plazaratuz. Pianola baten partitura zatiak dira kasu honetan; braillez idatzitako gainazalak ere erabiltzen ditu, baina bere lanik esanguratsuenak liburuen barneetan egindako esku hartzeak dira, zalantzarik gabe. Erakusketan hainbat daude, sarreratik ikusten zen murru beltzaren bestaldean gehienak. Handiagoak, eta txikiagoak; koloretsuak batzuk, zuri-beltzekoak besteak, baina guztiak ederrak. Erakusketa aretoetako lege edo kodeak jarraituz ordea, bisitariak erdi ireki-erdi itxirik dauden orrialdeetatik begiak sartu eta bertakoa hala nola ikusten saiatu besterik ezin du egin, liburu bakoitzetik orrialde bat bakarrik baitago irekia utzita. Horra hor bertaratzen den edonoren desgraziarik handiena.

Kontakizun berrietako protagonisten artean bada denetarik: haurrak, gazteak, gizonezkoak, emakumezkoen beso eta zango hibridoak, eta emakumezkoak, bereziki emakumezkoak. Bai zenbaitetan liburuak berak halako protagonistak eskatzen zizkiolako —Louis Bourgeoisen Emakumezko etxea lanen inguruan Jean Fremonek idatzitako liburuaren gainean egindako berrirakurketa bikainak, kasurako—, baina baita generoarekiko halako lotura esturik ez dagoen beste askotan ere. Honela, interesgarria da Santamariaren kasuan emakumezko protagonistek kontakizunetan historikoki gizonezko protagonistei esleitu izan zaien izaera unibertsala hartzen dutela, eta emakumezko beso eta zango hibridoak, generorik gabeko gizakion beso eta zango hibrido bilakatzen direla.

Dibertitzeko erakusketa da, Santamariak sortutako mundu poetikoetan barrena bidaiatzeko txartela da, etengabean egoera, espazio, ekintza eta pertsonaia berriak aurkituz, eta narrazio berri horiek dakartzaten kontakizunen inguruan hausnartzekoa. Eta ia konturatu ere egin gabe, bidaia amaitzen da. Hurrengo bidaia txartela noiz etorriko zain gelditu behar orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.