KRITIKA. Artea

Bidaiari mugiezina

Abuztuaren amaierara arte egongo da erakusketa. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun

Dick Rekalde

Erakusketa: Lurraldetik gabeko mapak. Lekua: Altxerri galeria, Donostia.Noiz arte: Abuztuaren 31ra arte.

Maiatzetik ikusgai dira Donostiako Altxerri galerian Dick Rekalde (Iruñea, 1963) artistaren lanak. Mapetan, bidaiatan, kartografian eta ibilbidean oinarriturik, pintura, argazkia eta eskultura barneratzen diren lan multzo bat aurkezten digu, eta analitikoa bezain subjektiboa den emaitza bat zabaltzen.

Aurkezten den lan multzoak hainbat teknika barneratzen ditu, nahiz eta gehienak formatu handiko paper gaineko tinta eta akuarelak diren. Lan hauetan, lerro borobildu eta naturalak kuadrikula geometrikoekin nahasiz doaz, eta, horiekin batera, konposizioa aberasten duten kolore plano handiak eransten dira. Lehen begiradan konposizio soilak diruditen arren, berehala konturatzen gara lerro guztien eraketak gordetzen duen konplexutasunaz. Mugimenduan dauden bolumen borobildu hauek, ehunka hariren loturak diruditenak, kuadrikularen arintasunarekin nahasten dira, eta, era berean, kolore plano bakarrarekin eraikitako bolumen handiak kolore pastel eta gardenekin eratzen dira. Horrek guztiak, osotasunean, lan arinak eraikitzen ditu, etereoak, barnean gordetzen duten buru bidaien adierazgarri bikainak. Aipagarriak, besteak beste, Ezkaba eta Racionales e irracionales lanak.

Lan multzo horrez gain Terruños eta Merci lanak aurkezten zaizkigu erakusketan. Lehenak buztin bitartez eginiko formen argazkiak barneratzen dituen konposizioak aurkezten dizkigu; kuadrikula arrosa baten gainean urdindutako bolumen hauek konposizio bitxiak sortzen dituzte, bisualki oso interesgarriak. Bigarrenean, berriz, Rekaldek tipografia antzeko bat garatzen du egurrean landutako bederatzi elementuen bitartez, eta paretan zabaltzen den multzo eskultoriko bat aurkezten du.

Estudioaren bakardadean kokatzen den artistaren ikuspegitik bidaiari mugiezinaren esparrua jorratzen da. Mugimendu eza esparru fisikotik ulertu beharra dago, noski, Rekalderen lanak, subjektibotasunetik abiatuta, bidaia ezberdin bat aurkezten baitigute, irudimenaren bidaia, artistak plastikoki irudikatu eta ikuslearen adimenean zabaltzen jarraitzen dena, gure buruan inoiz bisitatu ez ditugun lurraldeak ezagutuz. Horrela, haren lanak Ezkaba menditik abiatzen dira, eta San Kristobal gotorlekuan zeuden presoek euren ihesaldian burutu zituzten bideak mentalki berreraikitzen ditu. Bitxia da benetan kartografiaren eremu zientifikoa nola eramaten den irudimenaren bitartez garatzen den subjetibotasun batera, mapa hauetan zabaltzen diren ibilbideak, bidaia edo kokaleku batean ibiltzeko laguntza bat izatetik garapen plastiko baten emaitza izatera pasatzen direlarik.

Artea beti egon da mapekin harremanean, baina modernitatetik elementu artistikoaren eta elementu zientifikoaren arteko banaketa bat ematen hasi zela esan dezakegu, eta baita bide ezberdinak zabaldu zirela ere. Kartografiaren eta artearen arteko harremanean adibide ezberdinak aipa ditzakegu. Horien guztien artean, besteak beste, Matthew Cusikek eta Ed Fairburnek egindako mapen gaineko figurazioak edo Rebecca Riley eta Jazzberry Bluek mapa eta hiri estrukturetan baliatuta egindako lan geometrikoak, bereziki interesgarriak azken horren lanak. Eta horien gainetik, Fernando Vicente artistak mapa zaharretan sortutako figura ezberdinak, batzuetan alderdi kritiko bat gordetzen dutenak. Vicenteren lan hauek 1968an Londresen publikatu zen Geographical Fun: Being Humourous Outlines of Various Countries lanean oinarritzen dira, William Harveyk hezkuntza helburu batekin eginikoa.

Fernando Vicenteren kasuan bezala, lokalizazioak (edo horren faltak) artistaren lanean pisu berezia hartzen du, eta kontzeptu horren inguruan kapitalismoaren barruan bizi dugun garai globalaren gogoeta bat pizten da. XX. mende erdialdetik aurrera, kartografiaren bitartez eginiko espazioa eta lurraldearen interpretazio kritiko bat ematen hasi zen, garai globalaren barruan lokalizatu gabeko kapitalismoak kartografiaren paradigma berriarekin jarraitu duena: erdigunerik gabeko lurraldearen paradigma. Horrela, kartografia hegemoniko bat eragin zuten inperatibo historiko, ekonomiko eta politikoek ezarritako logikak apurtu, eta dispositibo hori iraultzeko estrategiak garatzen dira arte garaikidearen barruan, kartografia mota horren irudikapenaren kritika bat eraikiz.

Gogoeta horrek Rekaldek planteatzen duen deslokalizazioaren ikuspuntura garamatza. Bere lanetan muga hauek guztiz zeharkatzen dira, plano berri batean barneratuz. Rekalderen kasuan, kartografiak, arteak eta lurraldeak osatzen duten hirukotean azken hori desagertzen da, eta sormenaren bidetik artistak irudipenean soilik oinarritzen diren ibilbideak eta formak garatzen ditu, gaur egungo globalizazio honek gizabanakoaren pentsaera subjektiboarekin talka eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.