Vijay Iyer Trio
Lekua: Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Uztailak 25.
Vijay Iyer piano jotzailea 2010eko Donostiako Jazzaldiko aurkikuntzetako bat izan bazen, aurtengoa haren berraurkikuntza eta berrespena izan dela esan genezake. Atzo Stephan Crump (baxua) eta Tyshawn Sorey (bateria) bidelagun zituelaagertu zen Viktoria Eugenia antzokiko oholtzan, Menphis eta New Jerseykoak, hurrenez hurren.
Ikus-entzuleak hirukotearen musika zaparradaren esperoan jarri ziren butaka eta palkoetan, zer etorriko zain. Iyerrek bere konposizioekin eta beste egile batzuen musikarekin osatu zuen errepertorioa; musikalki ongi jositako abesti sorta izan zen, eta koherentzia osoz landutako moldaketekin. Hip-hop erritmoak entzun ahal izan genituen, musika elektronikoaren trazakoak beste hainbat, abangoardiakoak, Indiako espeziaz maneiatutako akordeak eta erritmoak... Pianoaren indarra eta goxotasuna oparitu zigun Iyerrek, bateria eta baby bass-aren (kontrabaxua) konplizitatean, aspaldiko lagunak bailiran. Hiru artistek euren instrumentuak izan zituzten gugana iristeko garraiobide, eta komunikabide indartsuenak, txotxongiloen manipulatzaileak izango balira bezalaxe ikusten ziren oholtzan, piano, kontrabaxu eta bateriaren itzalpean; bitartekari diskretuak, umilak eta eskuzabalak, istorio kontalari eskarmentudunak
Ez da harritzekoa Iyer pianistaren lanak sari anitz jaso izana. Urteko jazz album onena argitaratu zuen 2009an, The New York Times-en arabera. 2010ean, Urteko Musikaria izendatu zuen AEBetako Jazzeko Kazetarien Elkarteak. Musikariaren gaitasuna zinez ukaezina da, sortzen dituen soinu espazioek zinema, antzerkia, filmen soinu bandak, dantza garaikidea zein bestelako arte eszeniko edota plastikoak ekartzen baitituzte gogora jotzen duen lehen notatik azkeneraino. Bidaia luze baten sentsazioak eta giroak sortu zituzten Iyerrek eta bere bi lagunek Victoria Eugeniako antzokian. Bakarrik eta isiltasunean kotxez egindako kilometroak. Basamortuan zehar eraman gintuzten, hitzik egin gabe bidean barrena, emakumea eta gizona beren bakardadean, euritan, emeki, indarrez, bortizki.
Jazz hirukoteak eurekin bidaiatzera gonbidatu gintuen atzo, eta hori ikus-entzuleen isiltasunean nabaritu zen, besteak beste. Gorpuzkera erlaxatuak, emozioak borborka, eta haize freskoa aurpegietan. Iyerrek biziki eskertu zuen entzuleen arreta, errespetua, eta, era berean, gertutasuna. Berriro Donostiara itzultzeko irrikaz omen doa bihar etxera.
Donostiako 48. Jazzaldia. Kritika
Bidaia eder bat oparitu digute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu