Lekua: Bilboko Rock Star aretoa. Eguna: azaroaren 18a.
Entzule ugari bildu zuen Sevillako kantariak El hombre invisible diskoaren aurkezpenean. Eta horietatik erdiak emakumeak (iaiotasun berezia du Kiko Venenok emakumeen gustuko kantuak sortzeko). Horien artean, Vaya Semanita-ko asteroko garailea, Tamara izenekoa. Lelo ederrak sortzeko trebezia izateaz gain, aparteko banda bildu du azken urteotan, bai estudioan bai agertokian (askotan musikari berdinak dira). Bilboko bisitan dream team-a edo talde onena ekarri zigun, Raul Rodriguezekin (gitarra flamenkoan) eta Charli Cepedarekin (gitarra elektrikoetan) hasita. Beste hiru lagun ditugu erritmo sekzioan (bateria, baxua eta perkusioak) eta seigarren bat teklatuetan.
Eta banda horren maila erakusteko Charlik ekin zion steel guitar bati hasierako kantuan, Inspiracion izeneko pieza berrian, Ry Cooder izango balitz bezala. Eta ondoren lehenengo ustekabea: Venenoren Los Delincuentes lelo zahar eta gogoratua (1977an grabatu zen). Ertz horien artean nabigatu zuen ekitaldiak, beti erritmo beroak kateatuz: rumba eta bluesa, flamenkoa eta rocka, baladak eta funkya, folk amerikarra eta Kubako aireakÉ Hortxe ibili zen jo eta ke Charli Cepeda gure ezkerraldean, pedaletan eta mila gitarretan, kantu bakoitzari aire zehatza eta egokia emanez, Raul beti erne zela gure eskuinaldean. Eta erdian, jaun eta jabe, Kiko zoriontsua, gitarrekin zein turutarekin, jendearen pozaz eta emakumeen keinuez gozatuz. Atzeko lerroetan dantzan aritu ziren bikote batzuk, flamenko erara. Jai giro horretan pieza berrienak (Pistachito, Bilonguis, SatisfacciónÉ) eta zaharrenak (Veneno, Los managers) modu errazean elkartu ziren, bitarteko leloekin batera (Fuego, Te echo de menos, Catalán finoÉ).
Egia da Kiko Venenoren ahotsa zerbait hondatu dela, baina kalitate handiko ikuskariak eskaintzen ditu gaur egun. Hor daude bere kantuak: Venenorekin grabatu zituenak eta Camaronek kantatzen zuen kantu ezagunena, Volando voy. Horrexekin amaitu zuen Kiko Venenok Bilboko ekitaldia, entzuleak bi ordutan izerditan eduki ostean. -Joseba Martin
KRITIKA. MUSIKA.
Bi ordu izerditan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu