Donostiako 49. Jazzaldia. KRITIKA. Kursaal auditoriuma

Bi maisu gozamen lanetan

Chick Corea eta Stanley Clarke elkarrekin eta bakarka aritu ziren. I.ZABALETA / ARP.
2014ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Chick Corea eta Stanley Clarke

Eguna: Uztailak 25.

Jazzeko historia liburuetan kapitulu garrantzitsuak idatzi dituzten bi musikari handi parez pare ikusi eta entzuteak sortzen duen zirrara azaldu azal daiteke lauzpabost lerrotan. Baina hori horrela izateaz gain, musikari bikote hau musikalki osasun bete-betean gozatzeak sentiarazten duena ohore handia eta esker ona da. Mila bider eskertzekoa izan zen atzo arratsaldean Kursaaleko entzuntokian ikusi ahal izan genuena.

Gainezka zegoen Kursaaleko kubo handia, irrikan. Chick Corea eta Stanley Clarke esku-hutsik sartu ziren, lasai biak ere euren instrumentuen bila. Bakoitza bere eserlekuan kokatu orduko hasi zen festa. Gozatzeko moduko soinu lana egina zuen teknikariak ere, jazzaldian noizbehinka gertatzen den gertaera. Musikariek, biek ere, inprobisazio eta jolaserako duten abilidadeaz gain (lanorduak ere franko) soinua nola zaintzen duten irakatsi ziguten.

Return to Forever garaiko abestiak ekarri zituzten gogora, Corearen La Fiesta, esate baterako. Bill Evans piano jotzailearen konposizio ederra ere gogoan izan zuten atzokoan, Waltz for Debby zaharberritu baitzuten birharmonizazio xume batzuekin. Clarkek bere emazteari eskaini zion konposizio liluragarria etorri zen ondoren, Canción para Sofía. Kontrabaxu jotzailearen esanetan, hori baitu musikaria izateak: guraso, bikoteki edo seme-alabei abestiak egiteko parada ematea.

Jarraian, Corea Paco de Luciarekin egin izan zuen lana eta harekin bizi izandakoaz aritu zitzaigun berbetan A yellow Nimbus jo aurretik.

Bi musikari bikain hauek bakarkako lanetan ere ikusi ahal izan genituen, baina han ez zen duelo baten usairik, norberaren gozamenak ikusleongan sortutako harridura eta irria baizik. Bisa eskatzera gindoazelarik, eurek prestatu zuten azken sorpresa. Publiko artean umil zebilen Bobby McFerrin izeneko abeslari izugarri baten bila hasi, eta hantxe azaldu zen ilaren artetik, salto batean agertokira igotzeko. Askok espero genuen bezala, Corearen Spain kantuarekin amaitu zuen emanaldia hirukoteak, txinpartatsu, kontzertuari bukaera alai eta dibertigarriena emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.