'Salto' eta 'Magia sinpatikoa'
Konpainiak: Metrokoadroka eta Horman Poster. Lekua: Bilboko La Merced aretoa. Egunak: Urriak 23 eta 24.
Antzerkiaren eta performancearen artean ibili dira aurtengo BAD jaialdiko lehen emanaldiak, festibalaren izaerari dagokion bezala, eta biak ala biak euskarazko estreinaldiak izan dira.
Salto izeneko pieza izan da haietariko lehena. Jabi Barandiaranen esku egon da antzezpena (JB Pedradas ezizenez), eta berak hain ondo gorpuzten dituen pertsonaia berezi haietariko bat ikusi dugu taula gainean. Sortze prozesua, ordea, diferentea izan da kasu honetan, Metrokoadroka kolektiboaren ekarpenak jaso dituelako —bera ere haren parte da— eta zuzendaritzaz Pako Revueltas arduratu delako.
Idoia Beratarbideren estetika emankorrean bilduta agertu da Barandiaran, mahai handi baten gainean etzanda, tapaki baten azpian eta zigarro bat oihaleko zulo batetik erretzen. Hortik aurrera western-etako giroan murgildu da, Revueltasen eraginez agian, eta Oier Guillanen testu bati ekin dio, gorputzaren fisikotasuna gorpuenarekin alderatuz eta bizi direnen ezaugarria salto egiteko gaitasunean ezarriz.
Abiapuntu bitxi horretatik, eta Guillanen poetika kontzeptualaren bidez, maila metaforiko batera heldu gara, jauzi egiteko tenoreak bizitzan atzera bueltarik ez duten erabakien pare jarrita. Eta saltoen artean, zein ederragoa Paul Newmanek eta Robert Redfordek Butch Cassidy and the Sundance Kid filmean egin zutena baino! Puntu batera helduta, aldiz, ezusteko ziaboga egin du bidaiak, eta antzezleak onartu du pertsonaiatik kanpo ikusten zuela bere burua, kanpoko eragileek behartuta balego bezala. Horrek are gehiago indartu du proposamenaren balioa eta zer pentsatua eman digu sorkuntza batean elkartzen diren indarren inguruan.
Hurrengo gaualdian Horman Poster kolektiboaren estreinaldia etorri da —Magia sinpatikoa—, eta horretan ere muga-mugan egon dira antzerkia eta performancea. Gai askoren inguruan gogoetatzen duen lan honetan kolektiboaren ohiko izenez gain —Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra— Mbaye Sene dantzari eta performer senegaldarrarena dago, eta hain zuzen ere, elkarketa hori izan da lanaren abiapuntua.
Hasiera batean iruditu zaigu proposamena kulturen arteko kontuetan geratuko zela, baina hortik haratago ere joan nahi izan du, gorila baten pertsonaiari protagonismoa emanez eta haren presentziaren kontrasteagatik gizakien berezitasuna azaleratuz. Geroago agertu dira kolonialismoaren eta matxismoaren auzi mingarriak —harrigarria gero Afrikako tirailleurs eta De Gaulle-ren kontakizuna!—, eta horren guztiaren erdian kontraesan aberasgarria eratu du Pierroten pertsonaia zuriak afrikar ikuspegi ironikoari esker.
Aipatzekoa da, era berean, senegaldarrak euskaraz hitz egin duela denbora gehienean —zorionak!— eta emanaldian zehar wolofa, ingelesa eta frantsesa ere entzun direla. Izan ere, proposamen aberasgarri honetan elementu asko elkartu dira, gehiegi agian, eta horrek zertxobait lausotu du proposamenaren berezko indarra, elementuok ehuntzeko ahalegina sendoa eta koherentea izan den arren.