KRITIKA. Musika

Betirako altxorra

Marta Garcia
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun

36. Antioko Musikaldia

Musikariak: Iñaki Alberdi akordeoi jotzailea eta Carlos Mena kontratenorra. Egitaraua:Cueurs désolez, J. Desprez, T. Luis Victoria eta J. S. Bachen obrak. Lekua: Antioko Baseliza. Eguna: Irailak 21.

Duela lau urte elkartu ziren lehenengoz Carlos Mena eta Iñaki Alberdi, hain zuzen, Zumarragan kokatutako Antioko elizan bideo bat grabatzeko. Geroztik, kontratenorraren ahotsa eta akordeoia batu ditzakeen errepertorioa moldatu, egokitu, eta sortzeko lanetan ibili dira. Bilaketa horren emaitzetako bat izan da aurten Ibs Classical diskoetxearen baitan ekoiztu duten Cueurs désolez diskoa, larunbatean eskainitako emanaldiari ere izena eman ziona.

Kontzertuaren lehen zatia kantu gregorianoaren Ave Maris Stella-k eta Josquin Desprez polifoniaren maisu flandiarraren obrek osatu zuten, tartean musika garaikideari ere bidea irekiz, Jose Maria Sanchez-Verduren Tratado de lágrimas enkargua eta J. Desprezen Plaine de dueil samina bata bestearen atzetik eman baitzituzten. Bi obren idazkera antzekoa dela sumatu arren, hasieran ulertezintzat har litekeen bilkura horrek aipatu diskoan du azalpena, bertan J. Desprezen moteteak lau konpositore garaikiderentzako inspirazio bihurtzen baitira, bostehun urte luze dituzten musika-zubiak eraikiz. Lehen zatia itxi zuen Inviolata akordeoiaren bizitasunaren berebiziko garapena suertatu zen.

Bigarren zatian, duoak historian aurrera egin zuen, lehenik Tomas Luis de Victoriaren hainbat motete eskaintzeko, zeintzuen artean Salve Regina eta Duo Serafin bereziki gozatzekoak izan ziren. Bi musikariek sortutako altxorra, baina, bukaeran deskubritu genuen: J. S. Bachen Biolin bakarlariarentzako 2. Partita (BWV 1004) obra entzutetsutik, txakonaren bertsio berezia. Azken mugimendu hau bereziki zaila suertatu ohi da biolinarentzat, bai teknika aldetik, bai iraupenagatik (izan ere, gainerako lau mugimenduak baino gehiago irauten du). Alberdiren eskuetan, gai nagusiak eta bariazioak garatzen zituen heinean, akordeoiak suziriak jaurtitzen zituela zirudien; Menaren ahotsak, bere aldetik, Helga Thoene musikologoak argira atera zituen koral luteranoen melodiak gainjarri zizkion partiturari. Biek batera, urrezko mundu baterako ateen morroiloak ireki zituzten Zumarragan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.