KRITIKA. Artea

Betikotasunean barrena

Carreras Mugica galerian ikusgai dagoen Rafael Ruiz Balerdi artistaren obretako bat. ANDER SAGASTIBERRI/ CARRERAS MUGICA.
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun

'Formatu handiko klarionak'

Artista: Rafael Ruiz Balerdi. Non: Bilboko Carreras Mugica galerian. Noiz arte: abenduaren 2ra arte.

Erakusketa bat ikusteko helburuarekin espazio batean barneratzen gara, begietatik barneraturik gorputza aktibatuko digun zerbait ikusteko irrikan. Mostrak Formatu handiko klarionak du izena, Carreras Mugica arte galerian kokatua. Bertan, Rafael Ruiz Balerdi artistak 1980. eta 1985. urteen bitartean margotu, marraztu, moldatu zituen hamaika pintura aurkezten dira. Formatu handikoak dira artistak paperaren gainean eta klarion koloretsuz egituratutako pinturak.

Lehen-lehenik espazio haren pasabide erdi estua zeharkatzen dugu, erakusketaren hasierako zertzeladak dastatuz. Formatu handiko pinturak sumatzen dira bertan: pintura arinak, argiak, leunak, eta hein handi batean goxoak dira.

Zertzeladak atzean utzi, eta aretoaren espazio ireki zein zabalean barneratzen garen momentuan formatu handiko pintura horiek biderkatu eginen dira: batzuk zabalagoak, beste batzuk estuagoak, kolore bizikoak, argiagoak, ilunagoak... Bada, orekak, gozotasun estetikoak eta piezen muntatzeak esperientzia estetiko leun batera bideratzen gaitu.

Halaber, klarionaz eta pastelez koloreztatutako pintura handi horien ingerada eta marka abstraktuekin bat, horiek hormetan eskegitzeko erak erritmo motel bezain orekatuak sortzen ditu. Nolabait ere, pieza bakoitzak besteari beharrezko espazioa eskaintzen dio, eta geure ikus-eremuari aurrean daukaguna aztertzeko tartea eman.

Mostraren egiturak, ezaugarri teknikoek, artistaren beraren lanak eta bestek gaitasuna dute publikoa guztiz hartzen duen espazio bat eraikitzeko. Alabaina, aipatutako ezaugarriez gain, badago erakusketen erpin nagusia izaten den zerbait: diskurtsoa. Zerk egituratzen du piezen arteko lotura? Zein da horiek biltzen dituen istorioa edo historia? Eta nola eraikitzen da kontakizuna?

Ruiz Balerdiren lanaren bikaintasun estetikoa ukaezina da. Alabaina, non eta nondik sortzen da hura biltzeko sortzen den diskurtsoa? Bada, mostrari lotutako eskuorria hartzean esku artean izanen dugu erantzuna: betikotasunetik abiatutako ikuspuntu batetik.

Betierekotasun horrek artistaren lana Euskal Herriko gizonezko artisten genealogia kanoniko baten barnean kokatzen du, eta ez, ez da gezurra. Mostrak aurkezten duen freskotasun estetikoaren aurrean, berrikuspen kritiko baten beharra duen irakurketa batekin egiten dugu talka. Eta, hain zuzen, horrek egiten digu ohartarazpena: artearen sistema ez du artelan batek eta artista batek eraikitzen; hainbat agentek egituratzen dute.

Griselda Pollock teorialariak esaten duen eran: «Artearen historia, diskurtso ideologiko bat den heinean, artea definitzen duten prozedura eta teknika zehatzek konposatzen dute, harekiko irudikapen espezifiko bat azaleratuz».

Artearen historia ez da soilik artelanen bitartez idazten. Aitzitik, erakusketek ere badute beren lekua historia horren eraikuntzan. Era berean, erakusketak idatziko denaren adierazpen fisikoa dira, eta artelanak euren abiapuntua badira ere, hura ulertzeko sortzen den diskurtsoaren papera erabakigarria da.

Halatan, fokua zabaltzeko beharra sumatzen da hein handi batean, betikotasun kanoniko baten barnean amiltzeko arriskutik ihes egin nahi badugu, behintzat. Diskurtso berriak sortzeko beharra dagoela esateak ez du esan nahi inori espaziorik ukatu behar zaionik, baina bai espazioak eskaintzeko irizpideak, helburuak eta bestelakoak malgutu behar direla. Azaleko neutraltasunak eskaintzen duen erosotasunaz gainera ikuspuntuak eraldatu, berreraiki eta egitura zurrun zein kanoniko batek baztertutako subjektuak barneratuko lituzketen istorioak eraikitzeko aukerak sortu behar dira. Alegia, batzuei eman, eta besteei eman ez zaien zilegitasuna, espazioa, istorioa eskaini.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.