KRITIKA. Artea

Betiko indarrez

Bi lagun, Zumetaren artelanetako bati begira, Bilbon ikusgai jarri duen erakusketan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun

'Zumeta 2018-2019'

Non: Juan Manuel Lumbreras galerian, Bilbon. Noiz arte: maiatzaren 11 bitarte.

Joan den apirilaren 19an, Jose Luis Zumetak 80 urte bete zituen, baina badirudi denborak ez duela inolako eraginik izan harengan, 1939an Usurbilen (Gipuzkoa) jaiotako artista bikain horrek hamarkadak atzera erakusten zuen indar, argitasun eta pertseberantzia bera gordetzen jarraitzen baitu, artistaren lana, sormenaren bidea, inoiz ere uzten ez den ogibide bat dela argi utziz.

1965ean, 26 urte eskas zituela, Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Rafael Ruiz Balerdi, Jose Antonio Sistiaga, Amable Arias, Jorge Oteiza eta Eduardo Txillidarekin batera Gaur taldea sortu zuen, euskal artearen historiaren azken hamarkadetan ezinbestekoa dena. Taldearen eragina hamarkadetan zabaldu da euskal arte mugimenduan, eta, gaur egun ere, alde batetik ala bestetik, eragin horren oihartzunak bizirik jarraitzen du —gogoratu Bilbon bertan, Lumbreras galeria honetatik kale eskas batzuetara, Carreras Mugica galerian, Eduardo Txillidaren inguruko erakusketa dutela ikusgai egunotan—.

Bizitasun hori nabaria da Zumetaren lanetan, haren pinturaren bitartez gaur egun jada historikotzat eta ezinbestekotzat ulertzen dugun hori gertutasun bikain batez erakusten baitzaigu; agerikoa da, hala, euskal artearen modernitateko artista garrantzitsuenetako baten aurrean gaudela. Zumetak azken bi urteotan sortutako 32 lanez osatutako erakusketa antolatu du Lumbreras galeriak, maiatzaren erdialdera arte Henao kaleko espazio horren bi solairuak betetzen dituena. Artelanen gehiengoa mihise gaineko olioak dira, hogei guztira, eta gainerako hamabi lanak paper gainean sortutako tenperak dira.

Titulurik gabeak denak, goiko solairuan olioen multzoko lanen gehiengoa dago ikusgai, horien artean formatu handiko zazpi, 150 zentimetrotik gora dituztenak. Horien inguruan metro bat inguruko formatu ertaina duten beste hainbat lan zabaltzen dira. Azken olio eta tenperak, berriz, beheko solairuan ikus daitezke. Konposaketari dagokionez, pinturak osatu eta egituratzeko Zumetak beti izan duen erraztasuna erakusten dute lanek. Pinturen hondoak —normalean kolore plano handiagoekin gauzatzen direnak— lehen planoan kokatzen diren figura eta egitura bertikalekin osatzen dira, azken horiek ñabardura eta xehetasun handiagoz landuta. Figurak osatzen dituzten marrazkien lerro beltzek eta koloreen bizitasunak osatzen dituzte xehetasun horiek, eta kanpoalderantz ateratzen diren bolumenak sortzen dituzte, baita pintura agerikoak diren bi planotan mailakatu ere.

Bolumen eta konposizio joko horrekin batera, edo joko horren barruan, artistak koloreen erabileran erakusten duen maisutasuna azpimarragarria da. Koadro bakoitzean kolore hotz eta beroen artean erakusten duen oreka ikusgarria da. Normalean kolore hotzak gailentzen dira; kolore beroen bitartez, artistak interes edo indar puntu ezberdinak eraikitzen ditu. Benetan zaila izaten da konposaketa eraikitzean bolumenaren, formarena eta koloreen arteko hartu-eman hori ondo kontrolatzea, eta, dudarik gabe, Zumeta maisua dugu horretan; horixe du, zalantzarik gabe, arrakastaren arrazoietako bat.

Konposaketarako erraztasun hori tenperetara ere zabaltzen da, nahiz eta, erabiltzen den teknika dela eta, tenperek ezberdintasunak erakusten dituzten. Alde batetik, kolore plano handiagoen erabilera nagusitzen da, eta, era berean, horiek biziagoak dira. Bizitasun hori aurrealdeko figuretara zein hondora zabaltzen da. Olioen kasuan, bi maila horien arteko ezberdintasuna argia da, baina tenperen kasuan desagertuz doa, konposizio planoagoak sortuz. Halaber, beltzaren erabilera argiagoa da, eta marrazkiaren kasuan lerro indartsuagoak ikus daitezke, konposizioaren figurak marrazkiaren bidez markatuz. Bestalde, olioetan den koloreen nahasketa dardartia ez da hain argia, ziur aski euskarriak eta teknikak mugatzen dutelako. Hori dela eta, tenperetako emaitzak zurrunagoak dira, gogorragoak.

Edozein kasutan, bai olioek bai tenperek gure arestiko artearen pasarte garrantzitsuenetako baten parte den ezinbesteko artista horren lanerako grina erakusten dute, berezkoa duen pintzelkada aske eta indartsua agerian utziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.