Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Betiko hiri beltza, koloreztatuta

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'Marlowe'



Zuzendaria: Neil Jordan. Aktoreak: Liam Neeson, Diane Kruger, Jessica Lange, Adewale Akinnuoye-Agbaje, Ian Hart, Colm Meaney, Danny Huston, Alan Cumming. Herrialdeak: Espainia, Irlanda, Frantzia. Iraupena: 110 minutu.

Zineman, argi laranjatu bat nahikoa izan ohi da adierazteko zerbait munduko leku batean gertatzen ari dela, eta ez beste inon. Neil Jordanek horretarako baliatu ditu Marlowe-ren hasierako minutuak, istorioaren agertokia erakusteko, kredituak irakurri eta David Holmesen soinu banda entzun bitartean: etxeak, kaleak, estudioak... Beste nonbait filmatu arren, Los Angelesen girotutako film guztiak dira Los Angelesi buruzkoak —ezin hori azaldu Thom Andersenek Los Angeles Plays Itself-en baino hobeto (2003)—, eta zer esanik ez filmak hiriari lotutako pertsonaia ikoniko baten abenturak kontatzen baldin baditu.

Raymond Chandlerren Philip Marlowe pertsonaiaren istorio bat da Marlowe, baina John Banvilleren 2014ko nobela bat egokituz egina. Hau da, Marloweren itzalaren gainean sortutako Marlowe bat erabili du Jordanek, narratiba baten sinbolo bat, literaturak eta zinemak aspaldi ibilitako bideak berregiteko, nahiz eta gehiago aritu den garai bateko formak nahasten, gaurko begietatik berrirakurtzen baino.

Kolore biziak eta edizio azkarra daude filmaren estetikaren oinarrian, eta XX. mendearen erdialdeko Hollywoodeko zinema beltzaren arrastoak ageri dira bazter guztietan. Dena doa gain behera: hiria, detektibea, aktoreak, estudioak, aberatsak... Eta ezer ez da urruntzen topikoetatik. Kontakizunak elkarrizketen bidez egiten du aurrera, baina, haren kalterako, eszena asko kateatutako elkarrizketa luze bat besterik ez dira, beren kasa ezer gutxi kontatzen duten irudi batzuen bidez filmatuak, eta imajinazio gutxirekin planteatutako eszenaratze batean eginak.

Pertsonaiak eta aktoreak itxura batean karismatikoak badira ere, Liam Neeson gatzik gabe ari da film osoan, eta Diane Krugerren eta Jessica Langeren agerpenak ere mekaniko samarrak dira gehienetan.

Jordanek urteetako eskarmentua du generoak berritzen, baina Marlowe gehiago da garai bateko zinemaren errepaso arin bat, erreferentzien eta pastichearen artean bueltaka dabilena. Zinemaldiko azken filma askotan ikusitako horietako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.