KRITIKA. Dantza

Beti aldakor, beti bizirik

Agus Perez.
2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun

'Pequeños actos'

Konpainia: Cielo raso. Zuzendaritza: Igor Calonge. Zuzendari laguntzailea: Gabriel F. Argiak: Pedro Fresneda, Raquel Hernandez. Dantzariak: Gorka Gurrutxaga, Nekane Mendizabal, Leire Otamendi, Beñat Urretabizkaia. Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Azaroak 26.

Gazteszena aretoaren moldakortasuna baliatuta eta ohiko besaulkiak kenduta, karratu handi bat marraztu dute argi lerro zuzenek besaulkiek utzitako hutsunean, eta ikusleak eremu hutseko hiru aldetan jesarri dira, boxeo-ring baten inguruan baleude bezala. Lekua hartzen genuen bitartean bi neska zeuden zorutik bueltaka, arpel-harrien antzera, arloa alde batetik bestera zeharkatzen, abiadura geldoan eta mantra kutsuko musika lasai batean bilduta.

Emanaldia benetan hasi denean, beren ibilbide paraleloen abiadura areagotu dute bi neskek, ia paroxismora heldu arte, eta hasiera leundu hori —ez-ikuskizun egoeratik ikuskizun egoerara suabe-suabe eraman gaituena— pieza honen asmatze nagusietarikotzat jo behar dugu, eremu eszenikoaren diseinuarekin batera.

Hortik aurrera, eta izenburuari kasu eginez —Pequeños actos (Egitate txikiak)—, hainbat eszena labur etorri dira bata bestearen atzean, zein baino zein iradokitzaileagoa, donostiar koreografoaren inspirazio oparoari jarraikiz eta lau dantzarien bikaintasun eztabaidaezinean bermatuta. Bide horretatik, aharien modura oldartu dira bi gizonak, alderantzizko V bat eginez, besoak luzatuta eta eskuetatik helduta, eta jarraian uretan baleude bezala aritu dira bi emakumeak, zorutik egindako eboluzio paralelo perfektuek eta ispilu-bolatik irtendako argi-efektuetan murgilduta. Musika, argia, gorputzen eboluzio pausatu eta neurtuak... dena egin zaigu lagungarri eta denak lagundu digu ametsetan bezala egoten.

Calongek berak esku-programan azaldu bezala, «umetan izandako begitazio guztien arteko lotura etengabea, irudimenaren txatal txikiak, ahalmenaren oihalkiak, oroimenaren boterearenak» bilatzen ditu, eta ez da irudi onirikorik falta izan oroimen zatiekin egindako sorkuntza honetan. Haien artean, bereziki ederrak begitandu zaizkigu espazio karratua ausazko mugimenduekin korritu duen mutilaren irudia, neskaren soinekoa haizearen eraginez erantzi deneko eszena eta, nola ez, besaulki tolestuetako horma bertikaletik dantzariek gauzatu dituzten noraezeko ibilbideak.

Une jakin batean, lau txokoka jolasean baleude bezala ibili dira dantzariak, betiere abstrakzioaren eremu emankorretik irten gabe eta haietariko bakoitzak bere pasarte dantzatu pertsonalak burutzen zituela, besteek egindakoekin loturarik logikorik ezarri gabe, horrela eginez gainontzekoen jazarpen dantzatuetatik libratzeko esperantzan. Beharbada horretan datza oroimenaren sorginkeria, eta horregatik erakartzen gaitu dantzaren eta sugarraren itxura errariak. Bata zein bestea harrapaezinak direlako, beti aldakor sugarra, beti bizirik dantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.