KRITIKA. Artea

Betebeharrak

Itziar Barriok Bilboko Azkuna zentroan jarri duen By all means izeneko erakusketako proiektuetako bat. ARITZ LOIOLA / ARP.
2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun

'By all means'

Sortzailea: Itziar Barrio.Non: Azkuna zentroa, Bilbo.Noiz arte: Maiatzaren 6ra arte.

Bide guztiak erabiliz, egin beharreko guztia eginez, oztopo guztien gainetik. Modu horretan, borrokarako deiadarra ere izan zitekeen oihua jasotzen duen tituluaren barnean aurkezten du Itziar Barriok bere banakako erakusketa, Bilboko Azkuna zentroan: By all means, zeinean artistaren azken hamarkada honetako lanik esanguratsuenak biltzen baitira.

Espazio ikaragarria da Azkuna zentroko sotoko erakusketa aretoa, eta hasiera batean ikuslea harritu dezake bertako metro koadro luze eta zabal horietan guztietan lau proiektu soilik daudela jakiteak, eskuliburuaren azken orrialdean jasotzen denez. Hala ere, paperean pista bat bada horren zergatira garamatzana, eta Itziar Barrioren lan egiteko metodologia edo prozesuetara atea ireki diezagukeena: zenbaki batzuk (proiektu bakoitzari zenbaki bat ematen zaio) errepikaturik agertzen dira, eta haien alboan letrak txikiz, a, b... proiektu bakoitzak, era berean, eranskin, gehigarri edo luzakinak izango balitu bezala, denboran eta espazioan hedatuko balira bezala.

Eta, hain zuzen ere, horixe bera da erantzuna. Izan ere, Barrioren lanak ez baitira pieza soilak, bakanak, prozesu luzeagoen zati baizik, proiektu bakoitza hainbat ikuspuntu eta perspektibatatik lantzen baitu, adierazpen-espresio ezberdinen bidez ikertzen eta arakatzen baititu, normalean bideoa izanik abiapuntua edo pieza nagusia, eta horretatik abiatuta, performanceak, argazkiak, instalazioak eta beste bideoak sortuz, besteak beste. Baina azken horiek ez dira bigarren mailako objektuak erakusketan, eta hor datza haien interesa, nahiz eta bideo nagusien presentzia begien bistakoa den, batez ere beren proiekzioen tamaina handiagatik, zeintzuek erakusketako ibilbidean eta proiektuen multzokatzean laguntzen duten.

Guztiak datoz bat, ordea, pare bat ezaugarritan, elkar konektatzeko balio dutenak, eta, modu berean, elkar osatzen direlarik. Izan ere, proiektu guztien ardatzean agertzen da modu batez edo bestez hizkuntza, ahozkoa, gorputzaren bidezkoa, espaziala, nahiz zeinuetan oinarritua. Berdin dio, guztiek balio baitute modu batera edo bestera komunikatzeko. Eta guztiak erabiltzen baititugu modu batera edo bestera egunerokotasunean, bizitzan, gizartean. Honela, hizkuntza horietako bakoitzaren ezaugarrietan sakontzen ahalegintzen da Barrio. Zein dira horietako bakoitzaren egiturak? Nola osatzen dira? Zein da egitura horiekin dugun harremana? Nola jokatzen du geure buruak, geure gorputzak, egitura eta hizkuntza horiekiko? Abiapuntua interesgarria da.

Baina hizkuntzak, lengoaiak arakatzen ari den horretan, artista bera ere kontziente da bere praktika burutzeko berak ere beste lengoaia baten beharra duela ikertutako hori adierazteko, eta ez soilik adierazteko, baita ikerketa bera egiteko ere. Hori dela eta, oso modu trebe batez, bideoan, telebistan eta zineman erabiltzen diren tropoak lehenengo planora ekartzen ditu, modu horretan, gainera, aukera berriak irekiz bai ikusleei baina baita zenbaitetan bere proiektuetako parte hartzaileei ere, Obedientziaren arriskuak proiektuan gertatzen den bezalaxe.

Bertan, giza harremanak dira jokoan agertzen direnak, baina interpretazio bidezko harremanak. Ez dira harreman bareak, sutsuak dira, liskartsuak, zenbaitetan ia indarkeriara iristerainokoak; botere-harremanak dira, dudarik gabe. Eta interpretazio bidezkoak direnez, alegia, fikziozkoak, bertako aktoreen lana izatez interpretazio horiek burutzea da, inolako arazorik gabe burutzen dituztenak. Bideoa ikusten hasi, eta badirudi dena normala dela, horrek behar lukeela normala izatea. Harik eta bigarren zatiari hasiera ematen zaion arte. Fikziozko pertsonaiak amaitzean, pertsonaia errealei ematen zaie ahotsa. Eta badirudi ez direla beraiez mintzo, nahiz eta beraiek jokatzen zuten rolaren inguruan mintzo ziren.

Zilegi al da bakoitzak bere lana, bere ardura, bere betebeharrak direla-eta hartzen ditugun rolak inolaz ere zalantzan jarri gabe betetzea? Argi dago zenbaitetan bizitzan jarraibide batzuk segitzera beharturik bizi garela, geure gainetik heldutako arauak balira bezala. Eta edozein rolez ari naiz: ikasle, irakasle, ama, aita, seme, alaba edo kutxazain izan. Agian, interpretatzen ditugun rolen, lengoaien, harreman moten eta besteekiko jarreren inguruan zertxobait gehiago pentsatzeko ordua iritsi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.