Leioako Umore Azoka
Konpainiak: Rouge Elea, Ertza, Kukai, Etorkizuna Kontzeptuak. Lekua: Leioako kaleak. Egunak: maiatzak 22, 23 eta 24.Munduan duen lekua irudikatzerakoan «bertakoa eta arrotz» sentitzen da Sarrionandia bere poemetariko batean, eta bitasun horren zerbait eduki dute Leioako Umore Azokan ikusi ditudan emanaldiek.
Performancearen arlotik ibili da Rouge Elea konpainiarenZuek ikuskizuna, Corinne Cella marseillarrak ibili ohi duen zirkuaren esparrutik zertxobait aldenduta, baina ez hainbeste, ondo pentsatuz gero. Lanari zegokion intimitateari men eginez, karpa txiki batean hartu dituzte ikusleak, eta bertan hasi da iraganari begirako bidaia emozionala, Corinneren haurtzaroko pelikula etxetiarrak garai hartako Super 8 makina batetik proiektatuta. Ander Fernandez gidari ibili da saioan zehar, hainbat tramankulu txiki harrigarri maneiatuz eta bere gitarraren laguntzaz kanta pausatuak abestuz. Oier Guillanenak izan dira testuak, eta haien bidez osatu da belaunaldi bateko gurasoei egindako omenaldi zoragarri hau.
Dantzaren arloan sartuta, Asier Zabaletaren Ertza konpainiak El show del espectador estreinatu du Leioan, hip-hop estiloko bi mutil eta dantza garaikideko neska bat elkarlan aberasgarrian jarrita. Iñar Sastrek interpretatu du berak sortutako musika, baterian aldi batean eta teklatuan bestean, eta Harkaitz Canoren testuko hitzak beste interprete batek esan ditu zuzenean. Zabaletak era miresgarrian uztartu ditu kaletik eta estudioetatik datozen dantza estiloak, lehengoari zorroztasuna eta norabidea ezarriz eta bigarrena haren zerbitzura jarriz. Testua, berriz, erabakigarria izan da esandako guztiari forma emateko, eta umore handiz bideratu ditu ikusleen pentsamenduak, dantza garaikidea barneratzeko ahaleginean.
Kukairen Hazipenen pozak Bilboko Loraldia jaialdian ikusi nuen estreinakoz, baina berriz ikusteko gogoa geratu zitzaidan, eta hainbatetan ikusiko nuke, dantzarien teknika orbangabea eta planteamenduaren osotasuna kontuan izanda. Pieza honetan Jon Maiak urteetan zehar sortutako koreografietako pasarteak elkartzen dira, Mireia Gabilondoren zuzendaritza eszeniko pean eta Edi Naudoren eszenografia soilak aldageletako lau takila multzo paratu ditu, haien aurrean egurrezko aulki tolesgarriak jarrita. Dantzariak, aldiz, entsegu batean baleude bezala aritu dira, luzaketak eginez hasiera batean eta beren arteko kontuak eta doikuntza txikiak dantza pasarteen erdian txertatuz. Konpainiaren ibilbide oparoaren erakusgarri, hainbat musikariren lanekin hornitu da proposamena —Laurentx Etxemendik egin du batura eredugarria—, eta abilezia handiz konbinatu dira dantza garaikiderako batzuen dohainak eta denek euskal dantzan duten nagusitasun gaindiezina. Bestetik, aipatzekoa da geure arte-adierazpenen erabilera integratua: kaxarrankari, pastoralei eta zaldikoaren pertsonaiari eginiko keinuak, Sarrionandiaren ahotsa hasieran aipatutako poeman, Jorge Oteizaren Par móvil izeneko pilota metafisikoaren presentzia...
Azkenik, Etorkizuna kontzeptuak konpainiaren Leihotik piezan ere egon dira Sarrionandiaren poemak —Oroitzen zaitudanean, ama eta Hegazti errariak, Laboaren ahotsean—, Alos Quartet eta Juan Mari Beltranen konposizioekin batera. Konpainia gazte honetako lau mutilak agertokian zeudelarik altxatu dira ikusleen artetik taldeko bost neskak Zuberoako kanta eder bat abestuz eta, Nathalie Vivier eta Ihintza Irungarairen zuzendaritzapean, dantza tradizionaletan oinarrituriko ikusgarri kementsu eta eder bat aurkeztu digute. Sortzaileek finezia handiz txertatu dituzte dantzari batzuen pauso eraldatuak ongi finkaturiko moldeetan —aurreskua, fandangoa, makil dantza...—, eta ikusleok bereziki eskertu dugu taldekide guztien freskotasuna eta naturaltasuna urteetako teknika garbiarekin eta lan osoaren dotoreziarekin uztartu izana.