'Eduardo Txillida'
Non: Bilboko Carreras Mugica galerian.Noiz arte: Maiatzaren 15era arte.Aurreko astean zabaldu zuten berriro ere Txillida Leku museoa; apirilaren 17an, hain zuzen ere. 2000. urtean zabaldu zuten lehen aldiz, eta, arazo ekonomikoak zirela eta, 2011. urtean itxi egin zuten eskultore donostiar ezagunaren inguruan eraikitako kanpoaldeko museo hori. Oraingo honetan, kudeaketa eredu pribatu baten bidez zabaldu ditu berriro ere ateak, Txillida familiak Hauser & Wirth galeriarekin egindako hitzarmen baten bidez. Azken horrek eskultorearen lanaren parte bat ordezkatzeko eta saltzeko aukera izango du.
Kasualitateak ez dira halakoak izaten normalean, eta artearen mundua ez da salbuespen bat. Normalean, eta normala den bezala, garrantzi bereziko gertakari bati beste batzuk gehitzen zaizkio, eta, kasu honetan, Gipuzkoako museoa berriz irekitzearekin batera, Bilboko Carreras Mugica galeriak ere Eduardo Txillidaren lanen multzo interesgarri bat aurkeztea erabaki du, Eduardo Txillida eta Pilar Belzunce fundazioarekin eta Madrilgo Guillermo de Osma galeriarekin elkarlanean. Erakusketak artistaren bost hamarkada biltzen ditu, eta 50eko eta 90eko hamarkaden artean zabaltzen diren 35 artelan erakusten ditu, eskulturak, collageak, marrazkiak eta paperean egindako hainbat lan bilduz.
Carreras Mugica galeriak Txillidaren lanari eskaini dion azken erakusketa honek espazioaren sarrerako korridorea eta areto nagusia hartzen ditu. Sarrerako korridoreak, espazio eskasagoa izan arren, artistaren harribitxi batzuk gordetzen ditu. Euzkadi edo Aundi serieetako bi lan ikus ditzakegu, 70eko hamarkadan sorturiko formatu handiko akuaforte ikusgarriak. Aurrerago, espazio estuaren amaieran eta ezkerraldera, artistaren «eskuen» formatu txikiko lau marrazki aurkezten dira, linea eta formaren bitartez sentikortasun maila berezia erakusten dutenak, artistaren lan orokorrean kontrapuntu interesgarri bat erakusten dutenak.
Areto nagusia modu bitxian bezain eraginkorrean antolatu da. Zintzilik aurkezten den Tres I (1952) eta aretoaren izkin batean ikus dezakegun ToposEstela VII (1988) lanez gain, eskulturen multzo osoa erdialdeko zutabe baten inguruan pilatzen diren idulki multzo baten gainean aurkezten da. Han, altuera ezberdinen bitartez mailakatutako azalera batean, formatu txikian hainbat materialetan sortutako eskultura multzo bat ikus dezakegu. Adibidez, egositako lurraren bitartez sortutako lau lan daude, Lurra (1980), Lurra m-5 (1995), Lurra g-102 (1985) eta Lurra G-158 (1989). Lehenak egositako lurra eta oxidoa nahasten ditu, eta, azken horren bitartez, lurra manipulatzen da, eta horren gainean artistaren lanaren barruan berezkoak diren forma bat eragiten da, lurraren gainean marrazki bat sortuz. 1995. urteko bertsioa, berriz, zabaldutako espazio geometrikoen bitartez eraikitzen da. Eta 80ko hamarkadan sortutako bi lanek lurraren gainean markatutako lerroen bidez guztiz elkartutako lur blokeak aurkezten dituzte, naturarekin zuzenki lotzen den indarren talka interesgarri bat erakutsiz.
Lurraren bitartez sortutako lau lan horiez gain, beste material batzuen bidez sorturiko beste lau lanek osatzen dute erdiguneko multzo hori. Hala, idulki multzo horren barruan, alabastroan sortutako Elogio a la luz XV (1969), altzairuzko Estela 22 (1962), marmolez eta berun inkrustatuz osatzen den 1963ko titulurik gabeko lana eta 1989. urtean sortutako Locmariaquer altzairuzko eskultura daude. Formatu txikiko eskultura horiek, Txillidaren lanen irmotasunaz gain, sentikortasun azpimarragarri bat ere erakusten dute, bai erabilitako materialagatik, bai formen lanketagatik. Bereziki aipagarriak dira Elogio a la luz XV eta Locmariaquer lanak. Hogei urte igaro ziren bi lanen sorkuntzen artean.
Sarrerako ikuspuntutik multzo horren atzeko aldean, 1952. urtean sortutako Tres I lana ikus dezakegu, sabaitik zintzilikaurkezten den formatu txikiko lana. Igitaiaren forma gogorarazten duten burdinazko hiru piezen manipulazio eta loturatik sortutako lana da, erakusketako zaharrena. Haren atzealdean, eta eskulturak erakusten duen mugimenduari lotuta, 50eko hamarkada amaieran tinta bidez paper gainean sortutako marrazki askeak ikus ditzakegu, titulurik gabeak hirurak.
Erakusketako gainontzeko lanak, 60eko hamarkada amaieratik 80eko hamarkadara zabaltzen diren collage bikainak eta 80ko eta 90eko hamarkaden artean tinta, paper eta soka bitartez sortutako lan adierazgarriak beraien alboan kokatzen den ToposEtela VII eskulturarekin harremanetan daudela dirudi, forma zehatz eta markatuago baten bideari jarraituz.
Azken finean, eta ezer berria erakusten ez duen arren, euskal artearen arestiko historian izan dugun pertsonaia garrantzitsu baten lana berreskuratzeko aukera on bat da.