Dee Dee Bridgewater
Lekua: Trinitate plaza. Eguna: Uztailak 25.
Taldearen izenak dioen moduan, The New Standard Trio izan genuen larunbateko berrikuntza Trinitate Enparantzan; Dee Dee Bridgewater lagun zaharra baitugu Donostiako parajeetan. Hirukotea distiraz eta ofizioz beterik azaldu zitzaigun larunbatean taula gainean: Jamie Saft (pianoa, teklatuak, hammonda), Steve Swallow (baxu elektrikoa) eta Bobby Previste (bateria). Jazz modalaren ildotik dastatu genuen kontzertua batik bat, goxoki prestatutako errepertorioa, fina, suziririk gabekoa. Ikusleak apurka-apurka erakarri zituzten, amaierako txalo zartada halakoxea izan baitzen. Swallow handiak, betiko legez, han geundenen miresmenaren jatorria gogorarazi zigun; pisu handiko baxu jotzailea, totelka egin gabe arrazoibidea ezin melodikoagoa duena, dotorea beti. Donostia eta inguruko baxu jotzaileak gustura euren eserlekuetan, ez da funsgabea haiek ere bertaratzea; Down Beat aldizkariak behin eta berriz aukeratzen baitu baxu elektriko jotzailerik onena 1985az geroztik. Ederra.
Jarrain New Orleansko urakana bezain indartsu sartu zen Dee Dee Bridgewater, Irvin Mayfield eta New Orleans 7. Jazzaren jaiotza hiria aitzakia hartuta heldu zioten kontzertuaren nondik norakoari. Mahalia Jackson (Come Sunday) edota Nina Simoneren (House of the Rising Sun) ohiko kantuak ere borobil interpretatu zituzten, bokalista honek bai baititu emakume haien dohainak, baita beste askorenak ere. Batik bat, New Orleans zaharreko pieza sorta ezaguna entzun ahal izan genuen, Mayfield tronpeta jotzailearen moldaketa zoragarriez atonduta. Bereziki gogoratzekoak Basin Street Blues eta St. James Infirmary kantuetan gertatutakoak, inprobisazio erogarriak, elkarrizketa dibertigarriak tronboi jotzailearekin, emozioa, txantxak, antzerki pixka bat, benetako marchin' band-aren poza, New Orleansko txarangen erritmo kutsakorrak eta den-denak pare bat kantuk iraun dezakeen tarte horretan. Ahaztezina! Scat-eatzen eroso Mrs. Bridgwater, kantuen hitzak gustura dastatzen ditu, bluesa dario hatz puntetarik ere; gaur egun jazz kantari gutxi izanen dira emakume honen neurri eta kalitatekoak. Emozioa Do You Know What It Means to Miss New Orleans eta What a Wonderful World oparitu ziguten, zoragarri errearmonizatuak, poliki abestuak. Larunbat arratsean, gogoangarria izango den kontzertua ikusi dugu zorioneko batzuek. Eta gogoangarria izan ez bazen, bost! Niri ez zait berehalakoan ahaztuko.
Donostiako 50. Jazzaldia. KRITIKA. Donostiako 50. Jazzaldia
Berria, zaharra eta Trinitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu