Udaberrian sartzeak ez du birusa gainditu. Kaleak nabarmen hoztu eta etxeak estutu dira. Konfinamendu egoerak kultura ere zigortu du. Ateak itxi dizkiote, baina zabalik ditu hainbat leiho zein bozgorailu. Cobra laukoteak ez du berehalakoan ahaztuko bizi izaten ari garen momentua. Martxoaren 27an piztu zuten sua, eta Fyre laugarren lanaren berotasuna lau haizeetara hedatzeko egokitu behar izan dira. Hain zuzen, harrera beroa merezi duen diskoa da.
Zuri-beltzetik gorrira egin dute, azala eta kolorea biziberritzeko. Rock gogorraren errepide lehorrean esperientzia berriak pilatu dituzte. Gainera, muturreko bi norabidetan; oldarkorrean eta melodikoan. Oreka sendoa lortu dute Haritz Lete, David Gonzalez, Josu Luengo eta Ekain Elorza musikariek. Bilboko Koba estudiotik tenperatura desberdineko hamar abesti atera dituzte. Finagoa eta beroa da Xanperekin kozinaturiko soinua, eta, era berean, betiko giharra mantentzen duena. Estreinako lanaren txinpartak berreskuratu dituzte.
Errepertorioan islatu dituzte askotariko eraginak, eta taldearen ibilbidean mugarri bihurtzeko osagaiak ditu. Firebird lehen abestia black metal kutsuko gitarra riffekin eta bateriarekin abiatzen da, minutu erdira hard rockean egonkortzeko. Norvegiako Kvelertak banda gogoraraz dezake. Aldiz, No Miracles ibiltariaren leloak Kuraia taldearen Ni Ere abestiarena dirudi. Hurrengo biek ere sludge doinuak dituzte oinarri, martxa desberdinekin; Emerald City azkarra da eta Parasites pausatuagoa. Familia berekoa da New Old Days, lanaren hondarrean topatuko duguna. Down, High on Fire eta Mastodon zaleek gustura hartuko dituzte.
We Are Next izan zen aurrerapen singlea, nazioarte mailakoa. Cancer Bats taldeko Liam Cormier abeslariak ahotsa urratzen du Leterekin batera, eta kanadarren hardcore punk izaera barneratzen dute. Euskarak presentzia bikoitza du diskoan, eta bi abestiak aldentzen dira laukotearen aldarterik oldarkorrenetik. Oroiminduak punk rockera lerratzen da lelo melodiko ahaztezinarekin. Legarreko Kanpaiak hautatu dute lanari bukaera emateko. Intentsitate maila pixkanaka jaisteko rock kantu ederra da.
Urtaroak pasatu beharko dira egoera normaltasunera itzultzeko. Cobra taldeak ezin izango du, momentuz, taula gainera eraman laugarren diskoa. Iragarritako kontzertu datak bertan behera uzten hasi dira, eta kantu berriak zuzenekoen bidez askatzeko itxaron egin beharko dute. Bitartean, sua pizturik mantendu beharko dute inguratzen diren entzule guztiekin.
Musika. Cobra 'Fyre'
Berotasuna
Diskoetxea: Marion Cobretti Records.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu