KRITIKA. Musika

Bernstein zatikatua

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun

'I Hate Music'



Egitaraua: Leonard Bernsteinen lanak. Ahots bakarlaria: Ainhoa Arteta. Musika zuzendaria: Karl-Heinz Steffens. Piano bakarlaria: Michal Friedlander. Piano laguntzailea: Ruben F. Aguirre. Orkestra: BOS. Abesbatza: Bilboko Koral Elkartea. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Ekainak 21.

Baliabide handiak mugiarazi ditu Arriaga udal antzokiak Leonard Bernsteinenmota askotako lanak eskaintzeko —gehienak gutxi ezagutuak— denboraldiaren amaieran. Izan ere, Bernstein izan da XX. mendean AEBek kultura mailan izan duen pertsonaiarik garrantzitsuenetarikoa. Ukrainako sendi judu migratu batekoa izanik, bere nortasuna eta obra alde anitzekoak izango dira. Polifazetiko eta bakezalea, estilo eta eduki desberdinetan lan musikalak asmatuko ditu, herri musikatik klasikoraino, jazzetik igaro eta gero. Beraz, Arriaga antzokiaren asmo baliotsua unibertso horren erakustaldi mugatua ematea izan da, 1944tik 1988rartekoa. Baina egitarau eklektiko honetan, pisua dauka bere 2. sinfoniak —piano eta orkestrarako musika—, W.H. Audenen The Age of Ansiety poeman oinarritutakoa, hiru zatitan banatua dagoena. Eta hortxe zegoen koska. Kontzertu klasikoan, osotasunean ematen den lan instrumentala ezin da nahi duzunean hiru zatitan moztu, eta tartean ama desberdinen abestiak sartu egile berarenak izanda ere. Esaterako, Beethovenen edozein sinfoniaren tarteetan haren opera zatiak indarrez sartzea irudikaezina litzateke. Bada, horrela egin zuen programatzaileak: sinfoniaren sarrerari —The Seven Ages ilun eta metafisikoa— jarraian zetorren diskurtsoa moztu, eta music hall-eko dantza sartu zuen, argitasun handiaren eta petardoen artean...gehiegi iruditu zaigu! Horren atzetik etorri ziren mota guztietako abestiak: Ainhoa Artetak irregular abestu zuen I feel Pretty Bilboko Koral Elkartearekin batera. Gero, sopranoak, Ruben Fernandez Agirre piano laguntzaile zehatz eta entregatuarekin, Dream With Me polita, Welcome Home... eta My House gustuz abestu zituen. 2. sinfoniaren 2. saila (The Seven Stages) eder jo zuten BOSek eta Michal Friedlander pianistak — «ametsen odisea» egilearen hitzetan—, eta noski, aurreko abestien beste muturrean egon ziren. Horren atzetik tartekatu zituzten Mass-en abestiak. Arteta erakargarri Thank You orkestrarekin batera abestu zuenean, eta Bilboko Korala sinesgarri Gloria-n. 2.sinfoniaren bukaera dodekafonismoaren aienarekin hasten da gerraren trauma dela eta, jazzera igaroz bizitza eta jaiaren guraria gero, musika atonalarekin bukatzeko Jainkoaren bila. Emanaldi honetan bikain egon zen pianoan Friedlander , sendo BOS —oso ondo bere pianista ere -, Karl-Heinz Steffensen zuzendaritzapean. Azken zatian, Artetak gozo eta graziaz interpretatu zuen I hate music umeen kanta, liriko Two Love Songs-en bi kantu, dramatikoago Piccola Serenata, eta ahotsaren apoteosian Some Other Time etaWest Side Story-ko Somewhere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.