HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Bi gehi bi'

Bere hitzen esklaboa

Idazlea: Jose Antonio Frances Gonzalez. Itzultzailea: Aitor Arana. Argitaletxea: Ibaizabal.

2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Iizenburu osoa Bi gehi bi (eta nire nerabezaroko beste nigma batzuk) duen nobelatxo irakurterraz hau irakurlea limurtzeko idatzita dago. Kontakizun arina da, oro har, digresioa edota elementu osagarriak proposatzeko joera gutxi erakusten duena, eta helburu nagusiari lotutako azalpenetan zentratuta doana amaiera arte. Haatik, eraginkorra da bere helburuekiko, eta, agian, horregatik eman diote Gazte Narratibako 22. Alandar saria.

Protagonista da narratzailea. Letretako jendearen antagonista sentitzen dela aitortzen digu hasieratik, nahiz eta irakurtzen ari garen testua idatzi behar izan duen, ez plazerez eta gogoz, baizik eta epaileak ezarri dion zigorra betetzeko. Zigor gisara ezarri baitio aitortza testu bat eman beharko diola, zeinetan azalduko duen, egiazki, zerk eraman duen zigor hau jasotzera.

Linealki kontatzen digu dena.

Hasteko, 15 urteko mutiko bat dela esaten digu, DBHko 2. maila egiten ari dena. Bolada onean zegoen, nota onekin eskolan, gelako estatus sozialeko gailurrean, futboleko atezain estimatua, eta arazorik gabeko familia baten partaidea. Harik eta egun batez dena amildu zitzaion arte, erreskadan jarritako domino pieza horiek bezala, elkar eragiten duten ekintza kate geldiezinean.

Irakaspenezko narrazioa izanik, protagonistak etengabe aitortzen digu damua, etengabe azpimarratzen du bere jokabidea zein desegokia izan zen eta, batik bat, jokabide zuzena zein izan behar zuen.

Irakurketarekin jarraitzeko gogoa, ordea, narrazioak informazioa kudeatzeko erakusten duen moduan dago, zeren gertakari nagusia amaieran argituko zaigun itxaropenarekin, tantaz tanta eskaintzen baitzaizkigu azalpen esanguratsuak. Eta irakaspenak, hortaz, gertakariak argitzeko ahaleginean sortzen diren hausnarketen albo ondorio dira.

Azalpenetan aurrera egin ahala konturatzen gara hutsegite-korapilatze dinamika gero eta itogarriagoan ikusten duela protagonistak bere burua, irakurlearentzako gag edota egoera patetikoen segida umoretsua dena, errukia eraginez eta jokabide zuzena zein izan zitekeen hausnartzera eraman gaitzakeena, enpatia eta justizia sena erakusten dugun neurrian.

Amaierarako protagonista bere burua antzaldatuta ikusten dugu, egindako idazketa ariketagatik bai, baina bereziki bere ondoan suertatu zaizkion pertsonaia gehienak enpatikoak eta bihotz onekoak direlako, maila guztietan: epailea, irakasleak, gurasoak, senitartekoak, adiskide zaharrak eta berriak. Gehiegizkoa, sinesgarritasunari eusteko.

Eta pertsonaien karakterizazioa ez da nobelatxo honen ahultasun bakarra. Protagonistaren profilak ezin du justifikatu erakusten duen idazketarako gaitasuna, are gutxiago narrazioaren egituraketa hain txukun egitearena.

Pentsatzen jarrita, gertakari asko protagonistaren antzaldatzeko beharraren arabera ezarri direla konturatzen gara (izenburuko bi gehi bi adibide paradigmatikoa da), istorioan ezagutuko dugun gaizkile bakar horren parte hartzeek garbiki erakusten duten legez.

Beraz, ongi pasatzeko testu bat edukiko dugu esku artean, baina irakurle bezatuek iruzurtzat jotzeko arriskua bere barruan daramana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.