Alfredo Alvarez Plagaro
Lekua: Artium. Gasteiz. Noiz arte: irailaren 2ra arte.
Garrantzitsuena ez da zer den, baizik eta dena behin baino gehiagotan dela. Alfredo Alvarez Plagaro (Gasteiz, 1960) pintorearen berbok haren obraren eta Artiumen duen erakusketaren espiritua bikain definitzen dute.
Figurazioan hasi bazen ere, azken 25 urteak margolan berdinak egiten daramatza Plagarok. Ekintza piktorikoaren errepikapenean datza haren lana, hau da, gai abstraktuak behin eta berriz errepikatzean, kopiatzean —bi, hiru, ehun aldiz—, serieka. Horiek beti distantzia berberean kokatzen dira bata bestearen ondoan, osotasunean pieza bakarra sortuz, nahiz eta pintura bakoitzak ere indibidualki baduen zeresanik. Artiumen muturrera eraman du lan modua, errepikapena errepikatuz, hau da, keinu piktoriko eta motiboak modu (ia) berdin-berdinean erreproduzituz. Lanak berdinak eta bakarrak, desberdinak eta berdinak dira aldi berean.
Orotara, apropos bertarako egindako 290 pintura erakusten dira, baina guztiek batera —denak luzeak eta estuak izan arren—, material, teknika eta neurri ezberdineko lau pieza osatzen dituzte. Lehena, oihal gaineko akrilikoz egindako 50 alekoa, paretatik sabaian gora igotzen da. Bigarrenaren kasuan olana gainean askotariko teknikaz egindako 40 ale estuagoek osatzen dute hiru paretetan zehar zabaltzen den pieza. Hirugarrena, handiena, ikuslea harrapatzen duen oihal gainean akrilikoz pintatutako 150 aleko muntatze ikusgarria da. Azkenekoa, monumentalena, olioz margotutako sei metroko aluminiozko xaflek osatzen dute. Horrek, euskarriak oso efektu dirdiratsu eta bereziak sortzen baititu, aberastasun kromatiko bereziena lortzen du.
Errepikapenaren, kopiaren edo erreplikaren gaineko gogoeta —ikuspegi estetiko zein kontzeptualetik— ez da berria arte moderno eta garaikidean. Cezanne edo Moneten mendi eta katedralen sailak, Brancusiren Koloma amaigabea, Donald Judden seriazioak, Andy Warholen Brillo Box berdin-berdinak, Rauschenbergen Factum I eta II satirikoak, Josef Albersen Karratuari omenaldia seriea, Morris Louisen dripping koloretsu errepikakorrak, edota Elena Asinsen menhir kasik identikoak, besteak beste, errepikapenaren gaineko hurbilketa ezberdinak ditugu. Iragan mendeko iraultza abangoardistaren ostean, XXI. mendean kopiak, erreplikak zein simulakroak originaltasunari irabazi diote bataila kontzeptualki; ez, ordea, ekonomikoki, merkatuak, kapitalak artisten proposamen xelebre eta erradikalenak ere irensteko abilezia baitu oraindino.
Plagaroren planteamendu zorrotzak mugatu egiten du bere produkzioa, baina aldi berean askeago sentitzen da horrela. Izan ere, kasu honetan, erreprodukzioak lan indibidualaren berariazko indarra ezeztatu beharrean, areagotu egiten du. Orokorrean proposamen abstraktu askok legez margolan berdinek perspektiba errenazentistarekin erabat apurtzen dute —hierarkia barik—, baina, gainera, gutxieneko arau batzuei jarraituta, modu ezberdinetan muntatu daitezke, eta horrek lan bakoitzarentzako aukera bisual anitz ahalbidetzen ditu. Lekuan-lekuan esangura eta efektu desberdinak sorraraziz, bai muntatzeagatik baita ikuslearen kokapenaren araberako pertzepzio ezberdinengatik, osotasun harmoniatsua lortuta ere erritmo eta efektu ezberdinak ahalbidetzen ditu.
Pinturak autonomia erabatekoa lortzen du Plagaroren kasuan, lengoaia piktorikoa da berez. Egiaz, modulu piktorikoen errepikapena da funtsean. Piktorikoki, baina, lan aberatsak dira. Distirak, mateak, ehunka eta ehunka tonu behin eta berriro errepikatzen dira, eta ezberdinak dira beraien artean. Begirada geldo eta zehatza behar duten ñabardurak identifika daitezke, dentsitate ezberdineko testurak eta efektu piktoriko anitz —soak stain efektu lausoak eta pasta lodi distiratsu ederrak—, abstrakzio postpiktorikoaren tradizioan. Proposamen plastiko singularra da Plagarorena, sentsuala, erritmo handikoa, bisualki oso indartsua, berdintsua eta berdingabea.
Errepikapenarekiko obsesioaren atzean, errepikaezina errepikatuz originaltasunaren kontzeptua hausten du Plagarok, bakoiztasunaren ortodoxia eta objektu artistikoaren sakralizazioa erosotua —izan ere, proposamen serioa bada ere, funts dadaista du oinarrian, ironikoa oso—. Alta, nahitaez bere errepikapenaren kontzepzioarekin orijinala ari da izaten, era berean.
Dokumentazio gune txiki eta osatua, eta, Artiumen ohikoa den eran, muntatze egoki eta fina du erakusketak. Bakarrik ikusteko mostra dugu, eta Gasteizko museoak beste askoren aglomeraziorik ez duenez, pinturarekiko erlazio eta esperientzia intimoa errazten du. Egiaz, proposamen interesekoa dugu, beste munduko helburu arranditsu barik, gutxirekin eta gauzak argi esanda esperientzia estetiko berezia —sentsuala eta intelektuala— posible egiten duena. Zer gehiago eskatu arteari?
Kritika. Artea
Berdinak eta bakarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu