Xabier Montoiari entzun nion aspaldi ez direla gauza bera poeta eta kantuetarako letrak paratzen dituen egilea, bata bestearen baitan, edota iruntzitara, elkarkidetzan edo borrokan bizi daitezkeen sortzaileak izan arren. Ditxosozko musikaltasunaren auziaz harago, badira beste ezberdintasun batzuk ere; laburbilduz, esan liteke bi genero erabat ezberdin direla. Martxel Mariskalek, iruzkintzera gatozen poema bildumaren kontrazalean nabarmendu erdarazko nobelaz gain, Me llamo Ezequiel, y así será siempre (Hiru, 2002), zenbait letra onduak zituen euskal musika talde ezberdinentzat. Dut eta Lisabö taldeentzat idatziak ditu letra asaldagarriak, eta horrez gain, aurrerago, Beti Mugan taldeko baxu jotzaile eta egile izan zen. Oraingo Azken zakatzak (Susa, 2017) estreinako poemarioa du. Letra-egileaz gain poeta ere badela erakutsi nahi izan du. Nago hitzen pirotekniaz harago soiltasunik sakonenera jo duenean lortu duela.
Mariskalek iruditeria du ardatznagusi, batzuetan larregizkoa baldin bada ere, epatatzeko joera nagusitzen zaionean batez ere. Poemak eztanda semantiko amaigabeetan hedatzen dira. Irakurle honi demasezkoak gertatu zaizkio zenbaitzuk, soiltasunera jo ez duenean. Izan ere, bada beste desberdintasun bat hitz-piroteknia eta poesiaren artean: narrazioak ezin lezakeena iradokitzea baitu xede poesiak, eztanda hutsaletan tronpatu barik halere. Gauzak horrela, hobeak iruditu zaizkit pentsamendu soilaren basamortua xede duten poemak: «...geldoa eta pixkanakoa da benetako ulermena/ horrela ehuntzen da garen unibertsoa/ geure esentziak berak babesten gaitu/ orain haritzezko kutxa batean/ atseden hartzen ari da isiltasuna».
Mariskalek existentzia hutsalaren aurkako borroka antzua du xede. Poeta, edota gizaki askea, baldintzarik gabekoa, izan nahi duen poeta ez da inon ondo egokituko, bizitza lakarraren eremu marjinalean ez bada. Partidaren une honetan jada ez dago ezta Godot itxaroterik ere. Ostrukaren lepoa poema ederrean, zentzurik zabalenean, horrela mintzo zaigu poetaren ahotsa: «...ostrukaren lepoak/ neurtzen du mundua/ eta ezin gizakiaren eskizofreniarekin asmatu/ eta ezin burua lur azpian barrurago sartu». Poetak eskizofrenia horren testigu bilakatu behar du, Mariskalek testigua du xede.
Gai nagusia existentziaren hutsaltasuna izanik, Mariskalek molde ezberdinak aukeratu ditu poemak idaztean. Oso bereak ditu poema narratiboak, akaso gutxien gustatu zaizkidanak, hala nola Behin eta berriro ikusiko dituzun pelikuletako posterrak, non ukatze ezberdinen bidez baieztatze bat eraikiko baituen: «Hau ez da tipo tristea eta enigmatikoa naiz...», bizitzaren topikokeriak urratu nahi izate horrek topiko bilakatuko du, apika.
Arestian esan bezala, soiltasunaren moldea eta edukia aukeratzen duenean egiten du talka Mariskalek bere benetako ahotsarekin. Mikro-poemetan aurki daitezke harribitxi gozagarrienaren zantzuak, Caro putridas es lortuan esaterako. «Untxi zuriari jarraitzeko/ ez keinurik/ ez ahaleginik/ sekulan egin ez eta/ konturatzerako/ oinak ez ezik/ guztiz belztu zaizu bihotza». Hortaz, berben jarioa baino gehiago, surrealismo automatikoaren mugetan barna, isiltasuna aukeratu beharrean da poeta, eta hortik bertatik abiatu poesiari heltzeko. Umatutako letra-egilearen atzean zakatz-irudi boteretsuak badirela egiaztatzeaz gain, poeta arnas mantsoz agertu beharra da.
'Azken zakatzak'
Berben pirotekniaz harago
Egilea: Martxel Mariskal. Argitaletxea: Susa. Generoa: Poesia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu