Kritika. Artea

Beranduegi

Roscubas anaien 40 años más tarde erakusketa. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Vicente eta Fernando Roscubas

Erakusketa: '40 años mas tarde'. Lekua: Altxerri galeria. Donostia. Noiz arte: urria amaiera arte

Uztail amaieratik Donostiako Altxerri galerian ikusgai ditugu Roscubas anaien lan berriak, besteak beste, Bilboko Lumbreras galeriatik igaro ondoren. Teknologia kutsu bat duten hainbat lan aurkeztu dituzte, irudi digitala eta eskulana nahasten dituen erakusketa honetan.

Vicente eta Fernando Roscubas 1953.urtean Mallorcan jaio ziren, baina gaztetatik Bilbon bizi izan dira, eta azken hamarkadetan Euskal Herriko arte garaikidearen parte izan dira. 1982.urtean Bizkaiko Diputazioko bekarekin batera Espainiako Kultura Ministeriokoa jaso ondoren, 1983.urtean Gure Artea sarien lehen edizioko accesita jaso zuten, eta ondorengo urtean Eusko Jaurlaritzako beka. Ordutik hainbat erakusketatan parte hartu dute eta euren lana, besteak beste, Artiumen, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Nafarroako Arte Museoko bildumetan aurki dezakegu.

Altxerri galeriak antolatu duen erakusketan azken bost urteetan sortutako lan gutxi batzuk ikus ditzakegu; oro har eta eskultura bakar bat izan ezik, margolanak bakarrik dira. Margolanei dagokienez, bi berezitasun aurkezten dituzte: erabilitako teknika digitala da, hau da, sortzen diren irudiak ordenagailu bitartez sortuak izan dira. Bestalde, eta euskarriari dagokionez, irudi horiek zatituta eta euskarri tolestu batean aurkezten dira. Tolesturaren teknika hori 80ko hamarkadaren hasieran erabili zuten Roscubas anaiek, lehen aldiz; garai hartan, prozesu horren bitartez irudi askotarikoak estaltzen zituzten. Azken lan hauetan, aldiz, ez dute irudirik estaltzen, eta tolestura irudi digitalaren osagarria da, arrazoi estetiko soil bat.

Margolanen kopuru handi batek espresionismo abstraktu koloretsu baterantz jotzen duten irudiek osatzen dute. Lan horien erreferentzia gisa Miro, Balerdi eta Goenaga pintoreak aipatzen dituzte, baina, horiez gain, Delaunay eta Kandinsky datozkit burura, eta, nola ez, sorkuntzen esparru digitalari jarraituz, Albert Oehelen margolari alemaniarraren artelanak. Lan hauetan talka interesgarri bat sortzen da irudiaren eta euskarriaren artean: alde batetik irudiak marrazkia eta koloreen aldetik askatasuna adierazten du, eta, bestalde, euskarriko parte diren zati guztien tolesteak eta elkarketak eskulan zorrotz bat eskatzen dute. Eskulan honi garrantzi berezia ematen diete Roscubas anaiek: haren bitartez sortzen den artelan bakoitzak egilearen zati bat gordetzen duela diote. Baieztapen bitxia, gainontzeko guztia hainbat makinaren bitartez sortua izan dela antzeman ondoren.

Aipatutakoez gain, piktorikoki abstrakziotik aldentzen diren hiru artelan aurki ditzakegu, Fuera de texto izenburupean aurkeztutako bi margolanak eta Cabeza negra, silikona beltzez sortutako tamaina askotako laminen bitartez eraikitzen den buru bat. Gainontzeko lanek daukaten sorkuntza prozesu berdinari jarraitzen diote, hau da, lamina zati ugariren elkarketak sortzen du artelana. Bestalde, aurrekoek baino interes handiagoa pizten dute ikuslearengan. Fuera de texto osatzen duten bi margolanetan definitu gabeko hiri bateko paisaia monokromoak ageri dira, eta gainaldean lerrokatutako testu zatiek irudia osatzen dute. Cabeza negra eskulturak, berriz, bustoaren tradizioa teknologia, forma eta material industrialekin nahasten du. Hiru dimentsioko puzzle berrien estruktura horrek nolabaiteko alderdi ludiko bat gehitzen dio. Baliteke horixe izatea erakusketako artelanik interesgarriena.

Roscubas anaiek badaukate probokatzaile fama, eta, beraiei egindako elkarrizketaren bat irakurtzeko parada edukiz gero, konturatuko zarete zertaz ari naizen. Erakusketa honetan, berriz, artelanak probokatzaileak baino gehiago erabat estandarrak direla esango nuke, ohiko galerietan eta merkatu tradizional batean saltzeko modukoak. Aurkeztutako artelanek estetikoki indarra badute, baina mamia falta zaie, azaleko lan errazean gelditzen dira. Sormen prozesu bati aurre egiterako orduan ez da nahikoa emaitza estetiko erakargarri batekin soilik gelditzea. Zergatik tolestura hauen erabilera? —duela 30 urte erabili izanaren argudioa ez da nahikoa—, Zergatik inpresio digitala? Zergatik irudi eta kolore nahasketa hau? Zein da Fuera de texto artelanetan erabilitako testuen esanahia?

Bai, galdera asko dira. Eta agian artelan baten aurrean jartzen garenean ez da beharrezkoa galdera horien erantzunaren bila ibiltzea...baina azaleko lehen begiradatik aurrera sakontzeko asmoa izanez gero, biderik gabe geldituko gara. Agian, horretan datza Roscubas anaien probokatzeko ahalmena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.