KRITIKA. Musika

Belus doinu leunak

Luna taldekoak, artxiboko argazki batean. BERRIA.
2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun

Luna

Lekua: Bilboko Kafe Antzokia. Eguna: urriaren 29a.

Hilabete luzeetako iragarpen goiztiarraren ondotik, Dean Wareham buru duen Luna talde estatubatuarra Euskal Herrian izan da Bilbon eta Donostian eman duen kontzertu banarekin; Bilboko Kafe Antzokian iragan igandean, eta Donostiako Dabadaban astelehenean. Bilboko kasuan, musikaz enpo zen asteburua, BIME jaialdiak lau egunez ehun emanaldi inguru eskaini baitzituen hiriko hamabi agertokitan. Erronka, beraz, 1990eko hamarkadan ondutako taldearentzat, astegun buruzuri bezperan, rock leunaren melodien baitara zaleak biltzea.

Antzokiko ateak ireki eta berehala antzeman ziren lehen new wave soinuak oholtzatik. Atarikoa Gold Lake talde madrildarraren menera utzi zuen Lunak, jadanik sona handiko taldeen gonbidatu gisa aritutako hirukotea, hain zuzen ere. Dream pop delakoa nolakotu zuten Cocteau Twins, Mazzy Star eta enparauen traza hartu zieten bertaratuek Gold Lakek eskainitako erritmo pausatuei. Weightless disko berriko zenbait kantu aletu ondoren, Tim Buckleyren Song to the Siren-en bertsioa jo zuten gonbidatuek, Elizabeth Fraserren ahots sarkor eta eztia gogora ekarriz ikus-entzuleen gozamenerako. Luze gabe, perkusio gozoz eta arpegioz ondutako Weightless arrows kantarekin agurtu zen Gold Lake.

Iluntzeko 20:00ak jotzear zirela azaldu zen Luna laukotea agertokira. A Sentimental Education diskoaz geroztik kantu propio berririk kaleratu ez izan arren, edo horrexegatik beharbada, taldearen ibilbide oparoaren laginak han-hemenka eskaini zituzten Dean Wareham, Britta Phillips, Sean Eden eta Lee Wall musikariek. Lunaren hastapenetan sortutako lan ezberdinen Slide, Malibu Love Nest eta Chinatown hasierako mokadu baino ez ziren izan. Warehamen eta Edenen gitarra-soinu dialektikoek berehalakoan harrapatu zuten ikus-entzuleria; baita oinarri erritmiko sendoak baliatuta ere, elkar-ulertze erabatekoa erdiestera ailegatu zen laukotea.

Atmosfera bereziak eraiki zituzten Tiger Lily, Bobby Peru eta Tracy I Love You kanten bitartez, progresio instrumental finetan eta moteltze koraletan ardaztutakoak gehientsuenak ere, ezein banda zailduren bereizgarri. Eta, gaua barrunbe malenkoniatsuetan sartu ahala, Penthouse laneko Moon Palace eta 23 minutes in Brussels pieza biribil eta limurtzaileak azaleratu ziren, gitarra akorde amaigabeak zaleen burmuinetan itsasaraziz, eta betierekotasun sentsazio orokortua hedatuz. Bertaratutakoen gozamen eta onespen adierazpenek islatzen zuten erakustaldiaren neurria.

Diskografia propioan arakatzeko jardunak, alabaina, ez zuen inondik ere bestelako proposamenei uko egitera behartu Luna. Emanaldiaren bukaera aldera, New Yorkeko eszenan eta taldearen beraren bilakaeran bidegile izan direnei omenaldia eskaini zieten Wareham eta lagunek. Hala aditu ziren Lou Reed artista amerikarraren New Sensations eta Satellite of Love entzutetsua, bai eta Television taldearen Marquee Moon elektrikoa ere, zeinarekin emanaldia bukatutzat eman baitzuen laukoteak. Orain, Lunaren argia itzali izanagatik ere, ikuskizun da egungo belaunaldi berriek, jasotako hezkuntza sentimental horretatik abiatuta, generoaren mesedetan egin lezaketen ekarpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.