Jordi Savall
Lekua: Kursaaleko auditoriuma. Donostia.Eguna: Martxoak 7.Eta ez soilik beltzarena, XV. mendetik gaur egunera arte sufritu duten eta arretarik jarri ez diegun esklabo guztien oholtza izan da Jordi Savallek musika ikuskizun honetan omendu nahi izan duena. Eta ez soilik musika. Testu iturrietara abiatu da, eta Fernando Katolikoaren eta Martin Luther Kingen hitzei musika erantsi die, esklaboen pairatzeek, kantu eta dantzekin, etenaldi aske bat bizitzen zutelako. Askatasuna, arnasa, egonezina ahantzarazten zuen alaitasuna sentitzen da musikan, bizitzari txalo eginez, pozaldi xumeari arrasto ziztrin bat laztanduz. Horretarako afrikar abeslariak, Kataluniako Capella Reial ahots taldea, antzinako musikan maisu diren musikari petoak eta eszena gidoi txiki bat planteatu du Jordi Savall izen handiko musikariak, esklabotasunaren bideak mahai gainean jartzeko, inongo traba eta ezkutaldirik gabe.
Brasilgo, Afrikako, Boliviako eta abarretako kantuak Portugalen eta Espainian bizi ziren musika korronteekin nahastu ditu Savallen emanaldiak, denei beren lekutxoa gordez. Agian, etenik gabeko ordu eta erdiko emanaldi batekin nahikoa izango litzateke, baina Savallek iraupenari ez dio erreparorik jarri, eta bi ordu luzeko musika saioa eskaini digu. Narratzailearen emozioz beteriko testuek entzulea giro barnekoi eta sakonean murgiltzen du, eta txirimiaren, viola da gambaren, tiorbaren, perkusioaren, flautaren eta kornetoaren laguntzarekin, erritmoak bata bestearen jarraian pilatzen doaz, gehienak errepikakorrak baina denak energia kutsagarrian. Publikoak ez du Jordi Savall bere ohiko interpretazioetan ikusi, guztiz harrigarri eta berezia den musika jolas pozgarrian baizik. Esklaboen tristurari eta sufrimenduari irribarre itxaropentsu bat txertatu nahi izan diote musika hauek, ezkutuan mantendu diren bizimodu hauek oholtza gainean erakutsiz; bai beltzen oholtzan, bai gutako edonork egunez egun aurreikusten dugun gure berezko oholtzan.