Otsoa. Zein beldurgarria den otsoa! Gizakiok aspaldi aukeratu omen genuen otsoa beldurra irudiz janzteko. Eta —hau paradoxa!— sekula ikusi gabe ere, otsoekin inoiz topo egin gabe ere, otsoak gure baitan jarraitzen du, beldurra dugun bezalaxe, barru-barruan.
Agian horregatik dira hain kitzikagarriak otso gaiztoaren ipuinak. Zeren gaur-gaurkoz badira bestelako ipuinak ere, otsoa bere zeregin beldurgarrietatik kenduta, animalia txintxoarena egiten agertzen dutenak. Baina otsoa ez bada, orduan zeinek ordezkatuko ote du beldurra gure baitako iruditerian? Zomorroek? Zakurrek? Beste pertsonek? Esku artean dugun album honetan, otsoa gaiztoa da. Haurrak jatea gustatzen zaio, gosea apaltzeko. Baina, lasai, amaiera ona dauka: antxumeen ipuinean bezala, azkenean denak bizirik aterako dira otsoaren tripatik.
Bi urtetik aurrerakoentzat egina dago (zaharragoek ere gustura irakurriko dute), kartoi gogorreko orriak ditu, hegalekin —hain zuzen, hegalak kontaketaren ezusteak antolatzeko oso eraginkorrak suertatzen dira—, eta marrazketa formaz eta kolorez oinarrizkoa da, baina ez sinplea.
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Otso txiki gose da'
Beldurraren jantzia
Idazlea: Marianne Vilcoq. Ilustratzailea: Marianne Vilcoq. Itzultzailea: Ane Lopez Diez. Argitaletxea: Ibaizabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu