Literatura emozioez baliatzen da irakurlearengan eragiteko. Aski onartua den kontua da bihotzetik harrapatzen gaituztela liburuek, eta norbere gogokoenen zerrenda errepasatuko bagenu, ziur naiz, irakurle, titulu horien atzean hunkitu, harritu, eta enparauak agertuko direla ongi egituratu eta idazketa aberats kalifikatzaileen aurretik (kasu: ez dut ordez esan, aurretik baizik).
Emozioekin gabiltzala, esku artean dugun liburu honek gogorarazten digu zein fina den beldurraren eta barrearen arteko muga, zein tarte laburra dagoen barre urduriaren eta beldur kitzikagarriaren artean. Zein jostagarria den —esan dezagun behingoz— gaueko iluntasunean eskeletoen konpainian ibiltzea, herrian zehar, jolasean, norbait izutzeko irrikaz...
Adinez (oso) gaztetxoak direnei begira, testua letra larriz ere ematen zaigu, komikietako bunbuiloak erabilita. Baina ez da harritzekoa, liburua albumaren eta komikiaren arteko hibridoa izanik, batzuetan honen eta besteetan haren ezaugarriak erakusten baititu.
Ez galdu aukera azaleko zuri fosforitoaz gozatzeko, oheburuko argia itzaltzean.
Haur eta gazte literatura. 'Eskeleto barregarriak'
Beldur barregarriak
Idazlea: Janet eta Allan Ahlberg. Ilustratzailea: Janet eta Allan Ahlberg. Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni. Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu