KRITIKA. Artea

Belatza ala eguzkia?

Miriam Isasiren instalazioa, Bilboko Rekalde aretoan. Martxoaren 6ra arte egongo da ikusgai. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2016ko otsailaren 23a
00:00
Entzun

Miriam Isasi

Erakusketa: 'Lanzamiento de moneda'. Non: Rekalde aretoa, Bilbo. Noiz arte: Martxoaren 6ra arte.

Zoriaren presentzia askotan aipatzen dugu geure eguneroko bizitzan, eguneroko zereginetan, zenbaitetan zoriak zerikusi gutxi badu ere geure ekintzekin. Besteetan aldiz, nahita bilatzen dugu zoria, ala hobe esanda, zoriaren esku utzi nahi izaten ditugu geure erabakiak eta geure etorkizuna: Dona dona katonara, txinoetara edo, eskura izanez gero, txanpon bat airera boteaz.

Rekalde aretoan ikusgai dagoen Miriam Isasiren proiektuaren izena bera ere halaxe da, Lanzamiento de moneda, eta aretoko hormetariko batean zintzilik dagoen pantailako bideoa bera ere halaxe hasten da, airera botatzen den txanpon batekin. Zorizkoa ote, beraz, bertan agertzen eta gertatzen dena? Esaldi marxista bat segidan, zailtasunez irakur daitekeena, baina erakustaretoko instalazioaren gako intuitiboak jarraitzeko lorratz egokia izan litekeena: «El motor de la historia es la lucha de clases». Borroka baita, borroka hori, aretoko instalazioan islatzen dena, klaseen artekoa, burgesia eta proletarioa belatza eta usoan metamorfizatu eta berraragiztatu ostekoa.

Hiru angeluko jokoa da guztia, hiru erpineko erlazioa, hiru aldeko lotura. Horixe da eskema: triangelu hori bat eta hitz-joko bat, arraza eta zoriaren artekoa (azar-raza), alde batetik begiratuaz gauza bat deritzona, eta bestetik bestea, eta era berean, biak gauza bera; lerro baten inguruan loturiko hitza, ispilu edo simetria jokoan. Triangelu hori hori, hitzen erlazioaren basea izanik, loturen oinarria izanik alegia, erlazioaren beraren testuinguru den gizartearen isla izan liteke, non arraza (gizakia) eta zoria elkartzen baitiren, haien artean joko hutsa beharrean, elkarren arteko tentsioa sortuz, lerroa tenkaturik dagoen horretan; gizakia harrapaturik dagoen arrazionaltasunaren eta zoriz inguraturiko animalia senaren arteko borroka. Izan ere, badirudi sena, instintua, itzalpean dugulako soilik utzi diogula animalia izateari. Hor datza diferentzia, itzal huts batean. Hain zuzen ere, belatzaren gisa begiak itzalperatzean, itsutzean soilik, baretzen baitzaizkigu geuri bihotz taupadak ere, iluntasunean. Orduan soilik, eteten baititugu etengabeko erritmo bizia, zelatatze eta espioitza lanak. Orduan soilik, belatzaren txanoa janzten dugunean, deskantsatzen baitugu.

Txanoa kendu ostean berriz, belatz bilakaturik, ez dugu begirik ixten, begi mintza haragizkoa izan beharrean, gardena baitute hauek, eta horretan, begiak itxita ere, ikusten darraigu. Zelatatu, espioi lanak egin, eta borroka hasi da berriz ere. Hor usoa, zoriz agertua, harrapatu eta txikitu egin dugu, hil arte, mokoa odoleztatuaz. Hau da klase borroka, nahiz eta arrazionaltasunaren markoan sartu, senik eta primitiboena. Eta hori dio giza tamainako belatz-txanoaren tituluak ere, hormatik zintzilik, bideoa ipinirik dagoen telebistara begira, baina deus ere ikusi gabe, txanoak begiak estaltzen baititu. Gainaldean berriz, gainjarritako bi triangelu horietan pausaturik, alegia, gizartean zut, disekaturiko belatza, txanorik gabe, zelatan. Eta guztia harmonian dago, guztiak bat egiten du, ezin ulertu bata bestea gabe. Honela, triangeluaren ertzetako arraza eta zoria (azar-raza), aurkakoak izan daitezke, eta aurkako diren horretan borrokan jardun, batak bestea janez, baina baita osagarriak ere, gorputz bera osatzen duten erpinetariko bi baitira hauek. Begiak irekirik edo tapaturik izan, hor datza gakoa.

Bizirautearen hierarkia da guztia, bizirautearen jokoa, borroka, Miriam Isasik instalazio honetan azaltzen duena; gizartearen funtzionamendua hein batean, berau estaltzen dituzten arrazoi eta arrazionaltasunaren gortinak altxatuaz, ekintzen muina den sen primitiboa azaleratuaz; harraparitzaren joko hierarkikoa besterik ez baita azken finean gizartea.

Bideoaren amaiera heldu da, eta txanpona lurrera erori da. Txanpon mexikarra da, eta aukeran, bere aurpegietan, belatza edo eguzkia ditu. Zoriaren baitan edozer gerta bazitekeen ere, belatzaren aldea gelditu da gorantz begira; belatza berriz ere garaile. Eta bihotz taupadak ehunera, eta usoaren odola mokoan berriz ere. Belatza eta usoa, harraparia eta harrapakina; eta biak hegaztiak, izaki era berean. Askotan lasaitzeko begiak itxi behar, zer gertatu den, zer gertatzen ari den ez ikusteko, hain zuzen ere, hormako brodatuek dioten bezala, ojos que no ven, corazón que no siente. Borroka egitea ezinbestekoa da bizirauteko, baina maiz, maizegi agian —eta derrotismoan erortzeko intentziorik gabediot—, txapona belatzaren aldea goran duela erortzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.