Antioko 38. Musikaldia
Gitarra: Pablo Sainz-Villegas. Egitaraua: Enrique Granados, Francisco Tarrega eta Isaac Albenizen obrak. Lekua: Zumarragako Antioko baseliza. Eguna: Irailak 25.
Benetan pozgarria da Zumarragako Antioko baselizan urtetik urtera mantentzen den musika zikloak publikoaren eta eragileen babesa jasotzen jarraitzea. Tamalez jada ezaguna eta luzea den egoerak azken bi aldiak murritzagoak izatea eragin badu ere, eskaintza zabala izan da. Azken jaialdian Pablo Sainz-Villegas gitarrista entzutetsuak errepertorio espainolaren pieza esanguratsuenak jasotzen zituen programa eskaini zuen, iaz kaleratutako Gitarra espainolaren arima diskoaren barruan ere aurki daitezkeenak.
Berri samarra da gitarra kontzertu-instrumentu gisa eta, hala, moldatutako partiturak darabilzki askotan; Enrique Granadosen Dantza espainolak, kasu baterako. Jatorriz pianorako idatzita daude, baina ondo egokitzen dira hari pultsatuaren koloreetara, Sainz-Villegasek bikain ehuntzen dituenak. Dinamiketan samurtasuna izan zen nagusi, bosgarren dantzaren lehen esaldi malenkoniatsuan zein hamargarrenaren errepikan, erromantizismoak eta tradizioak topo egiten duten horretan.
Francisco Tarregari eskainitako zatia heldu zen gero, Nokia sakelako telefonoek zabaldutako dei-abestiaz gain ere ezagutzea komeni dena (bere Bals Handia obratik hartu zuten noten segida). Gitarran eta kaleko bizitzan maisu, oinarrizko konpositorea da instrumentu honen lanketan. Sainz-Villegasen norabide argiak, tremoloaren menderatzeak eta ehundura aberatsek kontrapuntua izan zuten harrietatik gora egiten saiatu zen saguzarraren ibilbide malkarrean, Capricho árabe-aren tonalitate aldaketetatik Recuerdos de la Alhambra gogoangarrira.
Isaac Albenizen piezak ere jatorriz pianorako izanik, badirudi gitarran dutela inspirazioa, eta funtsezko obrak suertatu dira. Ñabarduraz beteta aurkeztu zuen errioxarrak Torre Bermeja, Mallorca paseo lasaian, eta doinu flamenkoz betetako Asturias bizia eraiki, melodian zein mordenteetan. Bisak gitarraren baliabideak zabaltzeko ikuskizuna izan ziren: Tarregaren Kontzertu Jota Handia eta Joaquin Rodrigoren Aranjuezeko kontzertua-ren bigarren mugimendua. Gitarra erdigunean, behar zuen tokian.
KRITIKA. Musika
Beharrezkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu