'Begirada'

Begirik gabeko begirada

Egilea: Jean-Paul Sartre. Itzultzailea: Juanmari Agirreurreta. Argitaletxea: Jakin. Generoa: Saiakera.

2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Askoren iritziz, intelektual engaiatu eta osoaren paradigma da Jean-Paul Sartre (1905-1980). Bereziki filosofian eta literaturan nabarmendu arren, 1950eko hamarkadatik aurrera lider intelektualaren rola hartu zuen, eta ospe handia eman zion denborak aurrera egin ahala handituz joan zen bere konpromiso politikoak. 1968ko maiatzeko iraultzan izandako atxikimendua dugu horren lekuko.

Euskaraz lehenago ere argitaratua zen haren lanik, literaturaren esparruan batik bat, baina orain arte Sartreren pentsamendua gehienbat zeharka iritsi zaigu euskal irakurleoi, besteak beste Jon Mirande eta Txillardegiren gisako idazleengan izan zuen eraginari esker. Egia da nekez esan daitekeela Sartreren pentsamendua eta literatura bi jardun bereizi direnik, literaturaren eszenatokian dantzarazten baitzituen filosofiaren eremuan landutako ideiak. Hala eta guztiz ere, orain arte apenas euskaratu den Sartreren filosofiari gordinki heltzen dion testurik.

Eta Sartreren filosofian testu aipagarririk bada, Izatea eta Ezereza tratatu filosofiko mardul bezain trinkoa da hori. Bertan, Sartrek giza izatea abiapuntu hartuta eta berori erdigunean jarrita garatzen du bere ontologia. Lan erraldoi horren azpiatal bat baino ez da Jakinek argitaratutako Begirada, baina kapitulu giltzarria da inondik ere, obra osoa ez ezik, Sartreren pentsamendua ere ulertzen hasteko. Halaxe dio liburuaren hitzaurrean Juanmari Agirreurreta itzultzaileak, zeinak, era honetako testuetan ohi denez, ohar eta azalpenen bidez irakurketa laguntzeko egitekoa ere baduen, itzulpen-lanaz gain. Txalotzekoa da haren lana, ez soilik ia liburukiaren erdia hartzen duen hitzaurre xehearengatik, baita itzulpenaren beraren ausardia eta eraginkortasunagatik ere. Izan ere, laburra den arren, gutxi du arinetik Begirada-k, eta nekeza eta tarteka erredundantea irudi dakioke horrelako testuei aurre egitera ohitu gabeko irakurleari.

Bestetasuna du hizpide Begirada-k. Izan ere, Sartreren ikuspegi indibidualistan, begirada ez da aurpegi bati itsatsitako begi-pare bat, ezpada Bestearen presentzia edo irrupzioa, zeinak hankaz gora jartzen baitu gure mundua, gure askatasuna. Hitzaurreak dioenez, «sasitzaren karraska eta korridoreko oin-hotsa ere begirada dira»; alegia, begiradak beste norbaiten presentzia iradokitzen digu, nahiz eta irudipen hutsa izan. Bestearen begiradapean, Sartrek dioenez, Bestearen izatera makurtzen dugu gure askatasuna, eta hala, gure subjektu-izaera galtzen; gure hautuak libreki egiteko askatasunik gabe, objektu bilakatzen gara, beste subjektu baten begiradapean. Ideia hori ezin garrantzitsuagoa da Sartreren filosofian, eta horrexegatik dio egileak, bere Huis Clos antzerki-lanean, «besteak dira infernua». Bestearen begiradak gu geu izatea galarazten digu, eta hala besteen bitartez bizi gara.

Badu Antonio Machado poeta espainiarrak olerki labur bat, zeinak, Sartrerekin lotura hertsirik ez izanagatik ere, Bestearen begirik gabeko begirada hori irudika dezakeen, lizentzia poetiko hutsez bada ere: «Nire begiak ispiluan / bi begi itsu dira / begira dituzten begiei so».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.