HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Hanielleren txalupa'

Begirada zorrozteko lupa-liburua

Idazlea: Emilia Arias. Ilustratzailea: Cintia Martin. Itzultzailea: Uxoa Iñurrieta. Argitaletxea: A Fin de Cuentos.

2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Album ilustratu hau irakurlearen kontzientzia soziala pizteko pentsatuta dago. Mediterraneo itsasoan aspaldi honetan dauden migrazio ibilbide arriskutsuak dira aitzakia literarioa —kasu!, drama gordinik badugu gurean hau izango baita gordinena, segur aski—.

Haurrei halako gai sentikorra plazaratzeko ezinbestekoa izan da egileek estrategia literario burutsuak erabiltzea, non eta gaiaren gordina sentsibilitate handiz plazaratuko den, urrun utzita manikeismoa eta erdipurdiko azalpen mengela.

Eta lortu dutela iruditzen zait.

Xalotasunetik abiatuta jaso dezagun kontakizuna, inozentziazko irakurketa egiteko gonbita jasotzen dugu. Liburua album ilustratua da, azal gogorrean bildua, tamaina handikoa (31x24 cm) eta oinarrizko hiru koloreetan egina; testua letra larriz eskaintzen zaigu, eta marrazki ikonikoekin —oinarrizko formak erabiltzen dira pertsonak eta gainerakoak irudikatzeko— eraikitako irudiek eite infantila erakusten dute. Ezaugarri fisiko hauek irakurle gaztetxoenen ohiko formatuetara eramaten dute obra, hau da, irakurle hasiberriekin hain ohikoa den forma atsegina ematen diote obrari.

Ezinbesteko beste ezaugarri bat irakurtzeko proposatzen den modu berezia da, zeinetan eskaintzen den kolore-lupa giltzarria den —liburuak poltsiko bat du aurre-azalaren barruko partean luparekin—. Irakurleak hasi beharko luke irakurketa luparik gabe, proposamena hobeto jasotzeko. Hala eginik, urdinez dagoen testua topatuko du eta gorriz margotutako ilustrazioa.

Irakurketa hasieratik dago kontraesanean eraikia. Testuak dioena eta irudiek erakusten dutena ez datoz bat. Testuak haur kezkatu baten narrazioa eskaintzen digu, irudiek, aldiz, haur zoriontsu bat. Orrialdeek aurrera egin ahala, testua itsaso bidezko migrazio baten kronika da, haur baten begirada xalotik egina, baina egoeraren gordina iradokitzen duena, ulermen gaitasunaren arabera. Irudiek bestelako kronika egiten dute, kontatzen digutena barku handi batean itsas-bidaia egitera doazela haur bat, bere ama eta besoetako senidetxoa.

Gakoa koloreetan dago. Urdinez agertzen zaigu testua, gorriz irudia, horiz betelanak (itzalak eta abar). Hasieratik daude, ordea, gorritasunaren azpian itzal urdinkara batzuk, horiaren antzeko funtzioa kunplitzen ari direla diruditenak, baina ez erabat, begirada zoliari enbarazu egiten dioten maneran baizik. Gainera, orrialdeek aurrera egin ahala, urdin koloreko marrazkiak agertzen hasten dira, itzaltsu eta definizio gutxirekin hasieran, narratiboki funtzionalak une batetik aurrera.

Izan ere Hanielleren testua urdinez dauden irudiekin hornituta baitago, eta begi-bistakoak egiten dira une batetik aurrera, luparik gabe ere. Modu honetan lortzen dute egileek irakurlea poliki-poliki hurbil dadin gurea ez den errealitatea ikustera, fisikoki, zein intelektualki. Luparekin irudi urdinak hasieratik ikusten dira garbi, eta horregatik itxaron behar da bigarren bueltara berau erabiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.