Kritika. LIteratura

Begirada zoliaz

Uxue Alberdiren 'Hetero' ipuin liburua.
Uxue Alberdiren 'Hetero' ipuin liburua.
Irati Majuelo.
2024ko azaroaren 24a
05:10
Entzun

'HETERO'

Idazlea: Uxue Alberdi. 

Argitaletxea: Susa.

Begi bat koadro batean zintzilik. Kanpora ala barnera, nora ari da begira? Nori: liburuak biltzen dituen ipuinetako pertsonaiei, idazleari, irakurleari? Behatxulotik so egitean bezala, aldi berean sekretua eta ezaguna den zerbait miatzearen sentipenak hartzen zaitu Uxue Alberdiren azken liburua irakurtzean, irrika eta izua. Begia batean edo bestean atxiki, hor dago: patriarkatuak zimendatutako arkitektura familiarregia.

Hetero da ipuin sorta bateratzeko hautaturiko izenburua. Ezin uka pizgarri edo probokatzaile izan daitekeenik, nahasmena edo lilura ere sor lezake zenbaitengan. Hala ere, ez du hausnarketa-txostenik aurkituko irakurleak, ez eta iritzi-zutaberik ere, errealitate zenbaiten disekzio fikzional bat baino. Liburuak biltzen ditu, hala, itzulera bat nerabezarora, lehen gaztaroko mitoetara, aitaren figurara, hildakoekin bizirik zeudela izandako harremanetara, erromantizatu gabe, salbatu nahi gabe, minak igaro osteko gaurko begi zailduagoez. Familia barneko pultsuez ari zaigu idazlea, odolekoaz haragoko egitura gisa ulertuta, zimendu ikusezin horiez. Horrela, bada, bizi dugun gizartearen eta garen herri honen barne korronteei egiten die leku, eztanda egin gabe irauten duten arrakalak edo zauriak agerira ekarriz. Agerikoa da, gure angelu itsuei behatzeko asmoz, proposamen arriskatua egin duela ipuin ugaritan idazleak. Ausardiarik gabe, baina, ez legoke literaturarik.

Zortzi ipuin zorrotz eta zehatz idatzi ditu Alberdik, istorio bakoitzari bere espazioa, estiloa eta forma eskainita. Bakoitzari bere isiluneak eta xehetasunak. Bereziki zaindu du hizkuntza, euskara aberatsa baliatuz, elastikoa. Nabari da nahi bat hizkuntza zukutzekoa, baina ez desnaturalizatzekoa, eta bide horretan, pertsonaien nolakotasunera egokitu du eta ipuin bakoitzaren tonuari doitu.

Geruza ugariz osatutako ipuinak dira, irakurketa arin bat baino zerbait gehiago eskatzen dutenak; begirada zolia. Sarri, idazkera gidari baino, iradokitzaile da irakurlearentzat, ezin jakin zehazki nora iritsi nahi duen. Orduan, ohartzen zara idazlea non sartu den eta pentsatzen duzu: nola aterako da? Konturatzerako, zarata handirik gabe egin du, eta zu utzi zaitu bertan, zure isla parez pare ispiluan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.