'Bel Ami'
Zuzendariak: Declan Donnellan, Nick Ormerod.
Aktoreak: Robert Pattinson, Uma Thurman, Kristin Scott Thomas. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 102 minutu.
Izatez, hainbat herrialderen arteko ekoizpen europarra da filma, Erresuma Batuko bandera agertzen da fitxaren ondoan. Baina, emaitza ikusita, sobera estatubatuarra den filma da Bel Ami hau, bere jatorria despistatu eta lurralde arrotzean galdu den pelikula artifizial samarra.
Gehienbat Robert Pattinson banpiroaren luzimendurako egina dago pelikula, haren zerbitzura jarri dute kamera zuzendari hasiberriek eta horixe omen dute ikusleak erakartzeko duten amu nagusia. Kristen Stewartekin izan dituen arazoengatik udako pertsonaietako bat bihurtu da aurretik ere oso mediatikoa zen aktore gaztea.
Nolanahi ere, erronka handiegia da harentzat. James Dean garaikidea izan nahiko luke, eta tematzen da malditismo hori lantzen. Begirada sarkorra izan arren, zerbait falta du Pattinsonek, eta Bel Ami honetan oso agerian geldituko dira gaur-gaurkoz dituen gabeziak. Luzimendu pobrea. Haren ahuleziak askoz ere garbiago geldituko dira filmak dituen aktore eskarmentudunekin; alfer samar ari badira ere, Thurman, Ricci eta Scott Thomasen ondoan are zurbilago ageri da Pattinson gaztea.
Zuzendarien lanak ere ez du pelikularen maila goratzen lagunduko. Adabakiz jositako istorio bat harilkatu dute, guztiz erritmorik gabekoa, istorioak berez dituen alderdi dramatiko eta emozionalak jaso gabe. Guy de Maupassantek idatzi zuen liburua oinarri hartuta, seduktore hits baten potreta zirriborratzearekin konformatu dira, azaletik, inolako sakontasunik gabe. Horrela zaila da oso ikuslea hunkitzea.
Ohe jolasak bainoago, handinahia da Bel Ami laneko gai nagusia, baina hori apenas du islatuko duen Nick Ormerod eta Declan Donellanen lanak. Nolabait, mamia Kubrickek horren maisuki pantaila handira eraman zuen Barry Lyndon bikain horrekin dago ahaidetuta, baina hortik aurrera, kito konparazioak. Pelikula askoz ere interesgarriagoa egiteko materiala izan bazuten bi zuzendariek —hala egin zuen Albert Lewinek bere bertsio klasikoan—, baina izar gaztearen kontratupeko distirak gainerako guztia ilunpetan utzi du.
Kritika. Zinema
Begirada sarkorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu