'TAL MISTERIO DEL BOSQUE'
Artista: Luzia Pedregal. Non: Marra Gunea, Bilbo. Noiz arte: Maiatzak 3.
Agian Luzia Pedregalen lanaz izan nuen lehen inpresioan izan zuen eraginik inguratzen ninduen pintura eta gai kimiko usain sotilak, Jonek lan egin bitartean jarria zuen musika elektronikoak edo haren txakurraren presentzia bitxiak. Aurrean nuen margolanetik zuzenean atera izan balitz bezala so egiten zidan honek, jakin-minez bera ere. Izan ere, duela gutxi beste artista batzuen erakusketak antolatzen hasi den arren, Marra Gunea Jon Amorrortu pintorearen estudioa da, tailerrak eta ikastaroak eskaintzen ditu bertan, eta marrazki, zirriborro eta lanerako materialez betea dago espazioa; bizi-bizirik.
Luziak apur bat gehiago maita gaitzaten idazten dugula irakurri omen zuen behin, eta, ildo beretik, margotzea bera idazketa ekintza gisa uler daitekeela argitu nahi izan du Tal misterio del bosque (basoaren halako misterioa) erakusketan. Pedregalen lana lisergikoa da, kontzientziaren dimentsio ezberdinekin lan egiten du, eta haluzinazioaren adierazpen magiko jostalariak darabiltza bere konposizioetan. Marc Chagallen izaki hegalariak eta Franz Marcen zaldi urdin estasiatuak daude bertan; eta Remedios Varo eta Leonora Carringtonen fantasien aipamenak aurki daitezke sarreratik gertu kokatu diren eta irudiz zein testuz betetako bere lan-koadernoetan zehar.
Artistak estudioaren ezkerraldeko izkinan eskegita dagoen pinturari buruzko aitorpen bat egin zuen duela ez asko bere Instagrameko post batean: «Gaur egun ez nuke horrela margotuko. [...] Baina oihal honekin hasi zen dena». Beharbada, dena hori pinturarekin berreskuratu berri duen harremana izan liteke, edo proiektu hau, edo gure ardura ez den beste edozer. Piezaren erdigunetik bertatik, buru handi urdin batetik irteten diren figura botaniko begibakar batzuek adi-adi zelatatzen gaituzte. Izarrez betetako gau gorri honek badu zerbait delirio mistikotik, eta asko udako gau bateko onddo-zorabio batetik. Parean du Casa Caracol diptikoa. Bortitza da eta nola interpretatu oso ondo ez dakigun baina zeozer gaizki doala adierazten duten haurtzaroko marrazki ilun eta triste horien antza du. Kolore nahasketa espresionista aplikatu du, trazu bereziki gogorraz; eta argizarizko pinturekin zirrimarratu du akrilikoaren gainazala. Gainontzeko lanetan giza figura anekdotikoa den arren, hemen artistak bere burua erretratatu duela dirudi, estu, larri, barraskilo handi anker bat gainean duela. Etxetxoen zirriborroak daude inguruan, eta, era berean, barraskiloak logela bat darama maskor barruan. Ezinegona, intimitatea, indarkeria eta babesa: etxeetan bezala, denak bizi dira elkarrekin pintura honetan.
Montes que miran con espesura da lanik handiena, eta kokatu den moduak —hormatik zeozer aurreratuta, zintzilik egongo balitz bezala— bere izaera eszenografikoa indartzen du. Atze-oihal tankera du piezak, eta, hain justu, antzerki saio esperimentaletan erabili izan du noizbait. Kitsch-etik hurbil dagoen paisaia sorgindu bat erakusten du, eta bere biztanleen artean aurki daitezke suge siames maitemindu bat, ezinezko bi zaldi trostan —edo larrutan—, arrainak, zuhaitz ibiltari bat, harri zelatariak eta banana oso dotorea izan litekeen pertsonaia zehaztugabe bat. Dena kabitzen da artistak «errealismo zoragarri» deitzen dion horretan. Bihotz formako pegatina distiratsuak itsatsi ditu paisaian zehar, eta bihotzak dira, hain zuzen, erakusketaren azken lanaren motibo nagusia.
Bertan, barraskilo baten eta bere baitan kiribiltzen den zizare erraldoi baten arteko musua ageri da pastelezko paisaia batean. Eszena kursia dela esatea agian egia da, baina ez egia osoa, eta horretan pentsatzen ari nintzela etorri zitzaizkidan Juanpe Sanchezek Superemocional. Una defensa del amor (Superemozionala. Maitasunaren defentsa bat) entseguan kontzeptu honi buruz idatzitakoak. Asko laburbilduz, kursiaren kategoria historikoki feminitatearekin lotu izan diren proposamen estetikoak deslegitimatzeko tresna gisa erabili dela azpimarratzen du autoreak, eta inozo eta ahultzat hartu ohi direla sentimenduak erdigunean kokatu eta subjektibotasunetik jarduten duten adierazpen jakin batzuk. Baina niri Pedregalen proposamena ez zitzaidan batere inozoa iruditu, are gutxiago lehen aipatutako Casa Caracol piezarekin harremanean sortu daitezkeen elkarrizketa eta irakurketak kontuan hartzen baditugu.
Labur esanda, Luziak ondo menperatzen ditu kolorearen mintzaira sentsorial eta emozionala, afektuen keinu minimoak, misterioa; zuzena eta aspergarria dena desafiatzen du. Pintzelkada indartsua eta jestu bortitza darabil irudi gozoetan, eta espontaneotasunak gidatzen ditu bere mugimenduak, gorputz osoa inplikatuz prozesuan. Begirada liluratu batetik atzematen du mundua artistak, eta lilura horrek desitxuratzen dituelako errekonozitzen ditugu preseski bere pinturetako figurak eta formak. Azken finean, irudimenaren basoa beti da absurdoa eta beti dago sorgindua, eta haur-denboretako oihanak populatzen zituzten izaki magikoak helduaroko amets azido eta fantasia lisergikoetan berpizten dira.