'Galerna'
Artista: Jon Cazenave. Noiz arte: 2021eko otsailaren 14ra arte. Non: Donostiako Tabakaleran.Espazio zehatz bat bizitzea bertan integratzea, barneratzea eta inguratzen zaituen ororekin bat egitea da. Hori da Galerna erakusketa konposatzen duten memoria zatitxoek gugan sortzen dutena. Gorpuztasunak bat egiten du inguruarekin, eta ez dago haragiaren, esperientziaren eta paisaiaren arteko ingeradak banatzen dituen erremintarik. Irudi bakar batean esperientzia bat kristaltzen da, eta, nahiz eta argazkia izan, errealismotik aldentzen den zerbait agertzen zaigu bertan. Hain zuzen, errealismoa baino gehiago, jarduera artistikoaren kutsu erromantikoarekiko lotura sumatzen da Jon Cazenaveren argazkietan: gaua, paisaia onirikoak, naturaren elementuekiko ikuskera sublimea...
Zortzi sailetan banatu dituzte erakusketak bildutako 410 argazkiak, preseski, era kronologikoan antolatuta. Hein handi batean, euskal identitatearen inguruko hausnarketez baliaturik hasi zuen Cazenavek Galerna proiektua egituratzeko barne bidaia. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, testuinguru zehatz hark sortzen zizkion galderak erantzuteko asmoarekin hasitako ikerketa bisuala zabaldu egin zen. Modu honetan, argazkilariak hamar urte luzez egindako barne eta kanpo bilaketa baten emaitza dugu Tabakalerako Kutxa Kultur aretoan kokatutako erakusketa.
Artistaren beraren hausnarketa prozesua argazkiek sortutako iruditerian azaleratzen dela argi geratuko da hasierako kontaktua izan bezain laster. Atmosfera lainotsuetan kokatuta zeharkatzen gaituzten begirada ilunak, naturaren materialtasuna igortzen duten azalerak… Lekukotasunarekiko lotura sumatzen da bertan, nolabaiteko iluntasunak barnebiltzen gaituela. Argazkiotan figurak eta irudiak sumatzen badira ere, ingurua aztertzeko aukera ukatzen digu irudietan nagusitzen den belztasunak.
Hala gertatzen da euskal gatazkari lotutako sailean ere; izan ere, ezjakintasun horrek testuinguruetatik ateratzen ditu irudiak. Ateratze horrek aukera ematen du irudiek igortzen dituzten sentipenak azaleratzeko, eta kontzeptuen transmisioa unibertsal bihurtzen da.
Hausnarketa horrek, espazioarekin bat eginik, beste leku batera bideratzen du ikuslea: basorantz. Zuhaitz zahar eta ilunez konposatutako baso lainotua dugu oraingoan. Ikuspuntu horri jarraikiz, materialen azalerak begien bidez barneratu, eta, irudion materialek, eskuekin ukitzen ari garelakoan, hatz puntetarantz egiten dute bidaia. Prozesu honetan barrena, zuhaitzak atzean utzi eta kobazulo batean kokatzen gaitu hurrengo instalazioak. Momentu honetan eguzki izpiek paisaia ilunak blaitzen dituzte, eta kobazuloetako pinturen erreferentziak biderkatzen dira. Alegia, identitatearen bilaketa honetan antzina-antzinako adierazpenak hedatzen dira gure ikus-eremuan.
Bigarren solairura igotzerakoan irudien materialtasuna arintzen da, oraingoan zuriak hartzen baitu beltzaren lekua. Talka suposatzen du, txiki sentiarazten baikaitu gunea hornitzen duten irudien bertikaltasunak. Lurraren kontra urratzen diren olatu altuak izango ditugu bertan, zeinak bat-batekotasunaren adierazle baitira. Eta, horien aurrean, bat-batekotasun hori isilarazi eta baretuko duten paisaia geldoak hartuko gaitu: mendi elurtu zabal eta altuak.
Azkeneko gunea da hau, eta, era berean, Cazenavek hamar urte luzez egindako lan prozesuaren azken puntua. Naturaren zikloa bezalaxe, amaitu eta berriz ere hasten da. Amaiera hura beste zerbaiten hasiera izanen da? Espazio zuri hartan, gune zabalenaren atzean, kolorearen azaleratzeak zipriztintzen gaitu okrez margotutako harritxoen argazki xumeak begiratzen ditugunean. Aldaketa bat sumatzen da beraz, eta argazkiok igortzen duten adierazpen berrituak dira haren aldarri.
Kontrastea eta erritmoa sortzen da aldi berean, paisaien irekiera sublimatzaile hori harrien materialtasun gogorrarekin ixten baita. Alabaina, harriek txiki sentiarazten gaituzten paisaietan dute beren jatorria eta, ondorioz, amaieraren eta hasieraren arteko haria ez da eteten.
Herri baten identitatearen inguruan hausnartzeko helburuarekin egindako bidaia, artistaren identitate indibiduala ezagutzeko prozesu bihurtzen da. Era berean, kontzeptu lokalekin lotutako iruditeriak eraldatu eta arketipo unibertsalekin lotura zuzena duten aztarna bihurtzen dira erakusketan zehar. Ez dago errealitatearen eredu mimetikoa kristaltzen duen irudirik, ez, baizik eta espazio horiek okupatzeak argazkilariarengan sortu duen esperientzia estetikoaren bilkura bat. Hain zuzen, hori da erakusketa aretora barneratu bezain laster gure azala blaitzen duen esperientzia. Begietatik sartuz gorputza zeharkatzen digun prozesua.