'Arkitekturarik gabeko erakusketa bat'
Artista: Xabier Salaberria. Non: Gasteizeko Artiumen. Noiz arte:Urriaren 17ra arte.
Erakusketa bat egituratzeko espazioa baldintzatzen duten elementuek ezinbesteko papera jorratzen dute, erakusketa ehuntzen duten artelanen koherentzia, zentzua, diskurtsoa edo istorioak batzen baitituzte. Mostrak egituratzeko aukerak askotarikoak izan daitezke, bai. Baina, erakusketa espazioak artelanekin fusionatzen direnean bestelakoa da esperientzia, aurretiko espazioarekiko izan genezakeen ikuspuntua eraldatzen delako.
Hori da Xabier Salaberria artistaren Arkitekturarik gabeko erakusketa bat mostran aurrera egin ahala nik, ikusle moduan, bizi izan dudan sentsazioa.
Ez beldurtu! Erakusketak badu arkitektura, baina artistak bideratutako interbentzioek artelanen eta espazioaren arteko muga lausotu egiten dute. Eta, ondorioz, bataren eta bestearen artean ezberdintzea zailtzen zaigu espazioak atzean utzi ahala.
Artistaren bestelako esku-hartze zein lanetan aurkezten den ezaugarri bereizgarria hori da: espazioa, diseinua, eskultura eta instalazioaren arteko uztartzea. Alabaina, Artiumeko mostrak adierazten duen eran, uztartzeak ez dira helburu estetikoetara mugatzen, hausnarketa anitzek bideratzen baitituzte.
Mostrak hiru espazio ditu, zeinetan euskarriak askotarikoak diren: artelanen instalazio tradizionalak urratzen dituzten eskulturak, instalazioak, argazkiak, marrazkiak…
Espazioan barneratu aurretiko testuak erakusketak nolabaiteko espazio abstraktura bidaiaraziko gaituela esaten du, eta lehenengo espazioan murgiltzean, hiru artelanez osatutako espazio hutsa aurkeztu zait: mahai bat, metalezko xafla zulatuak (Bézier) eta hondakinez goratutako mendi artifizial baten argazkia.
Ezaugarri industrialez beteriko eta osatutako hiru piezek gune hutsaren neutraltasun zuria urratzen dute, hein handi batean; herri baten aztarna industrialen objektu arkeologiko bakartuak bihurtzen baitira. Alegia, objektu bakoitzak bere istorioa eta diskurtsoa sortzen du, bata besteari lotzen zaio eta bizitza ematen dio gune abstraktuaren geldotasunari.
Bada, hurrengo espaziorantz goazela, atzean utzitakoaren aztarnek blaitzen gaituzte. Aurreko espazioarekiko lotura mantentzen da. Besteak beste r de radio instalazioan erakusten diren kristal zatiak Bézier izeneko piezaren hutsuneekin lotzen direlako zuzenean. Kristal hautsiak eta metalezko xafla horien hutsuneak, mugimendu ezaren seinale, eta, aldi berean, noizbait ekintza hura existitu zenaren adierazle zuzenak dira.
Eta, orduan, espazioaren erritmoa azkartzen da, bertan aurkezten diren instalazioek lehia zuzena egiten baitiote erakusketa espazioaren konbentzioei. Prozesu horren igorle zuzena da Inkontziente/Kontziente 4 instalazioa, hormetan hormak eraikitzen dira, eta material gainjarriek arkitekturari berari lehia egiten diote, beraien funtzionaltasun propioa aldarrikatuz.
Instalazio hori atzean utzi eta azkeneko espazioan barneratzean ordura arte egituratutako eskemak urratuko zaizkigu guztiz. Bertan, espazioarekiko lehia areagotzen baita, mugimendua galarazten eta bideratzen diguten hamarnaka panel aurkezten baitira: bata bestearen ondoan, atzean eta aurrean. Espazioaren barnean beste espazio bat sortzen da.
Eta, artelanak aurkeztu ez ezik, erakusketaren egituratze prozesuaren tripak sumatzen dira paneletan eskegitako hainbat eta hainbat planotan. Zeinetan, nik planoak adi begiratzen ditudan era berean, artelanak zuzen-zuzenean aztertzen dituzten begidun gorputzak agertzen diren. Eta hala ondorioztatzen dut ni ere begidun gorputza naizela, eta, era berean, zu ere begidun gorputz hura izango zarela inoiz.
Trantsizioa suertatzen da bertan, zeinetan artelana, arkitektura berarekin fusionatzen den. Tentsioan; ikusi dezakeguna espazioa berreraikitzen duten paneletan eskegitako plano bidimentsionalak baitira. Zeinetan irudi lauek artelanen kokapena zehazten dituzten eta ikusleak ikusibeharko zukeen pieza zein den igortzen diguten. Azken espazio horretara heldu eta panelak zeharkatu ahala, erakusketa bera biltzen duen arkitektura desagertu dela ulertzen dut, erakusketa bera baita arkitekturaren funtzio espaziala egituratzen duena. Eta, trantsizio horretan murgildurik, mostraren izenburuak hausnartzera bultzatzen nauela, erakusketak arkitektura jaten du. Eta, azkenik, arkitektura bihurtu den erakusketan barneratu naizela sentitzen dut, nire azalean.
KRITIKA. Artea
Begidun gorputzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu