Lehen irakurleei begira osatutako albuma da, oso egokia haurtxo batekin partekatzeko, batik bat elkarrizketarako tarte asko eskaintzen duelako.
Istorio bat garatzen duen kontakizuna da, orri-biko bakoitzean agertoki berri bat erakusten duena: ukuilua, baratza, sukaldea,... Denak marrazki ikonikoz eginak kolore masa handietan.
Protagonista papera hiru saguk jokatzen dute, baina badago bat, besteek ez bezala izena daukana, “Leun”, eta ukituz gero feltroz nabarmenduta antzemango duguna.
Katu bat ere badago -antagonista- ia orrialde guztietan, belarri puntak agerian, baina amaiera arte saguen oharmenetik kanpo geldituko dena.
Testuak irakurketa gidatzen laguntzen du, baina irakurleen artean zer esan ugari sor dezakete irudiek erakusten dituzten ekintzak, eta katuaren presentzia amarrutsuak. Puntu honetan, jakina, erabakigarriak izango dira partaide helduaren galderak eta partaide haurren identifikaziorako eta aurreikuspenerako ahalmenak, irakurraldiaren luzera eta sakontasunari dagokionez.
Tamaina handiko kartoizko liburua da, 24x26 cm-koa, azala eta barruko orriak lodiera bereko hamar orriz osatua.
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Hiru sagutxo eta katu bat'
Begi-zolientzat
Idazlea: Sylvie Misslin. Ilustratzailea: Hector Dexet. Itzultzailea: Aztiri. Argitaletxea: Ttarttalo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu