KRITIKA. Antzerkia

Bat gehi bat

Incendios antzezlanaren eszenetako bat. BERRIA.
Agus Perez.
2017ko otsailaren 14a
00:00
Entzun

'Incendios'

Egilea: Wajdi Mouawad. Zuzendaria: Mario Gas. Eszenografia: Carl Filion. Bideo-irudiak: Alvaro Luna. Antzezleak: Ramon Barea, Alex Garcia, Carlota Olcina, Alberto Iglesias, Laia Marull, German Torres, Nuria Espert, Lucia Barrado. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 12.

Antza denez, matematika hutsean hipotesi bat dago, non bat gehi bat batuketaren emaitza bat izan litekeen, eta ez bi, logikak dioskun bezala. Izan ere, matematika irakaslea da Incendios antzezlaneko protagonista, eta adibide artegagarri hori jarri dio bere neba bikiari amaren testamentuan agertu zaien misterioa argitze aldera.

Wajdi Mouawad quebectarra dugu jatorrizko Incendies antzezlanaren egilea. Libanon jaioa da baina kanadar pasaportea dauka, eta haren biografian arakatuta jabetzen gara izen bereko film bikaina ikusi genuela orain urte batzuk, eta hura ikusi arren gureak eta bost egin behar izan ditugula oraingo bertsio nahasia ulertzeko. Zeren eta jatorrizko testuan egileak argi kokatzen baitzuen korapiloa Libanon —hau da, erlijioen eta kulturen elkargune posible hartan—, argi salatzen zituen milizia musulmanen eta eskuin muturreko kristau falangeen desmasiak, eta argi iradokitzen zuen Al-Khiam herrixkako akabatze-espetxea eta tortura-zentroa zela bikien amak jasandako martirioaren lekua.

Garai hartan Israelgo estatuak okupatzen zuen Libano hegoaldea, eta haren aliatua zen Libano Hegoaldeko Armada kristauak espetxe beltzaren kontrola zeukan, baina orain heldu zaigun bertsioan ez digute txintik esan horri buruz. Eta kokapen geopolitikorik ezean, kontraesana iruditu zaigu kristauen gurutzefika agertzea musulmanen hilerrian, ezin izan dugu ulertu zein armadak inbaditu zuen herri ezezagun hura, eta are arraroagoa egin zaigu bikien bizimodu mendebaldarra eta egiaren bila egindako bidaia —Kanadatik Libanora jatorrian, baina ezleku batetik beste ezleku batera antzezlanean—.

Datu ezkutatze masibo horren ondorioz, mundu aseptiko batera eraman gaitu Mario Gas zuzendariak, gaitz guztien iturria estremismo islamikoan nolabait kokatuta, krimen lazgarrien ardura osoa gizabanako isolatuen esku utzita eta noizean behin biktimekiko probokazio iraingarrian erorita. Horren adibide dugu frankotiratzailearen eszenari eta borrero/bortxatzailearen agerpenari emandako pop-rock kutsua eta, arinkeriaren ildo beretik, haren jaiotzetiko marka —jatorrian orpo batean zegoena— pailazoen sudur gorriaz ordezkatu izana.

Hala ere, nahaste-borraste susmagarri hori ekoizpen handi baten eskutik etorri da, eta eremu eszeniko soilean irudi proiektatuen dotorezia nabarmendu dira, batzuetan dekoratu hutsaren rola bete duten arren. Zuzendaria, berriz, estilo naturalistan geratu da eta bide oro itxi die metafora eta iradokizunari, pertsonaiak eta egoerak era mekanikoan ekarriz. Panorama horretan formazio handiko aktoreak ikusi ditugu, baina ez haiek irudikatu behar zituzten pertsonaiak. Bestetik, badirudi Nuria Espert kontrolpean egon dela behingoagatik, bere ahots-modulazio nekagarria zertxobait apalduta, eta nik esango nuke notarioaren pertsonaia izan dela dentsitate nahikoa lortu duen bakarra, umezurztegiko medikuak eta herrixketako agure jakintsu guztiek Ramon Barearen antz izugarria eduki duten arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.