Azucena Vieites:'Coloring Book'
Lekua: Iruñeko Moises Perez de Albeniz galeria.
Noiz arte: Azaroaren 12ra arte.
Tariman hankak zabalik dituen emakumea desio dut. Dantzarik gabeko iraultzan ez dut parte hartuko. Ile mozdun emakumea da Pauline. Bat bat BAT da bat? Egin dantza, egin iraultza. Desio dut aurrez aurre begiratzen nauen Pauline. Dos dos es dos dos.
Azuzena Vieitesen (Hernani, 1967) Coloring Book erakusketak multzotzeari buruz dihardu. Irudiak aurkitu eta eskua sartzen die; marraztu, serigrafiatu eta multzotu egiten ditu. Aldi berean, irudiek artistaren lanaldi ezberdinak irudikatzen dituzte, pasatakoak eta etorriko direnak, denak orainaldian aktibo estimatzen den espazioan. Multzotzeetan, badena bezain garrantzitsua da falta dena. Erakusketan beldurrik gabe erabili da horma zuria eta duen presentziagatik hutsunea sentitzen dugu lanen artean. Agian, errealitate hiperkodifikatu honetan ere, itzuli ezinak direnak badirelako.
Metafora bat erabiliko dut erakusketari buruz aritzeko: erakusgela itsaso zabal bat da eta barrenean kontu handiz egokitutako marrazkiak, itsasontziak, daude. Marrazki bakoitza, itsasontzi bakoitza izaten den moduan, partikularra da, baina era berean guztiak dira antzekoak, ia berdinak. Izarrek artistaren marrazkietan duten presentziak pentsatzera narama, agian, zerua izan zitekeela beste metafora bat. Baina zeruaren eta izarren arteko harremanak ez du jasotzen itsasontziek itsasoan duten mugimendua eta mugimendu horrek istantearen adierazpenean uzten duen arrastoa. Eta erakusketan istantea garrantzitsua da, konposaketa etengabe mugitzen ari den testuinguru baten une izoztua da.
Artistak istant bat ikusarazi nahi digu. Ikusarazi diogu eta ez esan. Vieitesek aurkezten digun erakusketak ez baitigu ezer esan nahi, ez digu behintzat errealitatea narratu nahi. Hala, uko egiten die narrazio mota linealei eta adierazpen txikiekin, egunerokotasunekin, ulertu nahi du inguratzen gaituen testuingurua.
Coloring Book iraganean egindako eta etorkizunean egingo dituen proiektuen multzotzea da. Valparaiso: In(ter)venciones, Break Out of Your Shell, Actos de edición… Proiektu batzuk dira umeekin egindakoak, zeintzuetan artistak umeei eskuratzen dizkien bere marrazkiak koloreztatu eta moldatu ditzaten, beste batzuetan Vieitesek fanzinearen teknika arakatzen du edonork inprimatzeko moduko aldizkariak sortuz, do it yourself aldarrikatuz. Coloring Book antolatuta dago proiektu horien aztarnekin, badaude umeen marrazkiak, bada Actos de ediciónerakusketarako sorturiko fanzinea, eta badira arreta deitu diguten serigrafia handi batzuk. Serigrafiotan ikus-kulturako irudiak baliatzen ditu, moldatuz, aldatuz, zati esanguratsuenak kenduz. Serigrafia horiek etorkizuneko proiektu baten lehen haziak dira, artista prestatzen ari den Musac-eko (Leon) bakarkako erakusketako proiektuarenak. Jarraitzekoak izango dira aurpegirik gabeko emakumeen metamorfosiak.
Vieitesen langaiez luze aritu gaitezke: marrazkia, feminismoa, musika, fanzinea... Eta bere lana ulertzeko horiek kontuan hartzea ezinbestekoa da. Esate baterako, marrazkia erabiltzen du arte esparruan bigarren genero jotzen delako. Edota emakumeen irudiak jasotzen ditu, karteletatik, aldizkarietatik, disko azaletatik… punk fanzine estetikatik gertu dagoen multzo subjektibo berri bat sortzeko. Aldiz, erakusketan bereziki azpimarratu nahi dut zer erakusten den bezain esanguratsua dela nola erakusten den, hau da, gaia bezain adierazgarria dela modua, formatua. Edozein irudik badu ibilbide bat esanahiak sortzen dituena, eta esanahi hauek kontutan hartuz lan egiten du Vieitesek.
Honen adibide da adibidez errepikapenaren adibidea. Ez baita berdina hamahiru aldiz errepikatutako irudia edo sei mila aldiz errepikatutakoa. Errealitateak irudiak behin eta berriro, han eta hemen, errepikatuta agertzen dizkigu. Baina esandakoa, errepikapena praktikatzea ez da errepikatzea. Errepikapen bakoitzak irudikapenaren esanahia aldatuko du. Eta Vieitesek irudi errepikatuaren inguruko gogoeta interesgarria egiten du; behin eta berriro errepikatzen ditu irudiak, Bendover Berlineko fanzine queer-eko portadaren irudia kasu. Aurrez begira dugu neska, tarima gainean hanka zabalik; behin doratuz, gero beltzez, ondoren formatu itxiagoan eta azkenik A4an. Irudi bera aldaketa txikiekin aurkezten digu, lau irudi ezberdin aurkezten dizkigu.
Horretan eragina duen beste alderdi bat marrazkiaren materialtasuna da: paperaren sendotasunak, tamainak, rotuladorearen koloreak, trazuaren indarrak, fotokopia izaerak... irudia eraikitzen dute gaiak bezainbeste, eta materialtasun horren antolaketa aldatuz gero, irudiaren adierazpena ere aldatuko da.
Azken finean, guztia itzulpen ariketa bat baita, errealitatean dauden irudiak jaso, interpretatu eta artistaren ikuspuntu subjektibotik itzultzea. Eta hori da hain zuzen ere Vieitesek, hanka zabalik iraultza egingo duen emakumearen mundua ikustaraziaz, horren ongi egiten duena. Itzuli eta egoeren kodifikazioari buruz abisua pasa, agian, multzotze berririk sortzerik izango dugu-eta.
Artea. Kritika. Artea
Bat bat BAT da bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu