KRITIKA. Artea

Barruan daukagun hori

Javier Perezen Aria da Capo (2008) obra, San Telmo museoan. GORKA RUBIO / FOKU.
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun

'Heriotza'

Non: San Telmo Museoa.Noiz arte: Maiatzaren 26ra arte.

Argi dago heriotza gure existentziaren parte garrantzitsu bat dela, nahitaezko gertakari bat baita gu guztion bizitzetan, oraingoz behintzat. Funtsezko gai bat izan arren, gaurko gizarteak nolabait hau bazterreratu egin duela dirudi, erlijioaren eta zientziaren arteko gatazkaren artean aurreko hamarkada-mende-aroetan ondorengo bizitzaren inguruan izan diren manifestazio ezberdinen aurrean. Gaur egun, beste norabide bat hartzen ari gara, heriotzaren ideiari bizkarra emanez. Jakin badakigu guztiok hilko garela, eta, horren inguruan pentsatzen edo hitz egiten saiatzen ez garen arren, guztiok barnean dugun sentimendu bat da, jaiotzetik barruan dugun zerbait.

Heriotzaren gaia era ezberdinetan jorratu da, eta gizakia heriotzara hurbiltzeko hainbat eta hainbat saiakera egin dira. Horrek heriotza zer den eta horren ondoren gertatzen denaren inguruan pentsaera ezberdinen sorrera eragin du, hainbat adierazpideren bidez agertu direnak; literatura, musika, zinema edo arte plastikoen bidez ideia horren erretratu bat egiten saiatu gara, irudimenaren bidez jakintza bat sortuz. Azken finean, esan dezakegu San Telmo museoak maiatz amaierara arte aurkezten digun erakusketa honek irudimenaren jakintza hori lantzen duela, ideia horren inguruan landu diren hainbat adierazpideren emaitzak aurkeztuz. Beraz, esan dezakegu museoak antolatutako erakusketa aproposa bezain beharrezkoa dela, garrantzitsua baita kulturaren alderditik gizartearen oinarrian dauden gaiak lantzea eta horietara gerturatzeko aukera ematea, ikuspuntu ezberdinak erakutsiz.

Gai honen inguruan museoak bere funtsetan gordetzen dituen objektu multzo zabalean du oinarria erakusketak, eta Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntza jaso du. Haiek ez ezik, erakusketan ikus dezakegun objektu eta artelan multzo ikusgarria osatzeko beste hainbat erakundek eta bildumek ere euren lanak laga dituzte; horien artean dira, besteak beste, Espainiako Antropologiaren Museoa, Erromantizismoaren Museoa, Prado museoa eta Reina Sofia museoa, Gasteizko Elizbarrutiko Arte Sakratuaren museoa, Jorge Oteiza museoa eta Koldo Mitxelena Kulturunea.

Erakusketa, sarrera gisako atal baten ostean, bost atal nagusitan banatzen da, eta, era berean, atal horietako bakoitzak hainbat azpiatal gordetzen ditu. Horrela, Beldurra, Errituak, Zentzua bilatzea, Heriotzatik itzultzea eta Utopiak atalek heriotzaren aurrean gizakiok izan ditugun edo ditugun jarrera ezberdinei erantzuten diete. Erakusketara sartu orduko, haren giroak biltzen gaitu, eta atal ezberdinetan aurkezteko eraiki dituzten egiturek modu ezberdinetara funtzionatzen dute; batzuetan bikainki, batez ere sarrerako beirateak eta Utopiak ataleko komikien eta mexikar aldareen guneak. Banaketa hau ez da kronologikoa, baina, nolabait, beldur eta errituetatik hasiz eta utopian amaituz, gaur egunerainoko ibilbide bati jarraitzen dio, iraganaren eta etorkizunaren arteko joko bat, erdibideko puntu batean guztiok barneratzen garelarik. Zeren eta minutu bat hartu eta gai hauek banan-banan aztertzen baditugu, esan dezakegu guztiak gaur egungo gizarte garaikidean barneratuta daudela, eta ez naiz zentzu global batean hitz egiten ari.

Ideia horixe izan daiteke erakusketaren alderdi garrantzitsuenetako bat, horri lotuta eta trebetasun handiz, antolatzaileek gaitasuna izan baitute garai, jatorri eta helburu ezberdinetako objektuak barneratzeko, ideia hori azpimarratuz. Madrilgo Arkeologia museotik etorritako infernuko bankuko diru-paper bitxietatik Kutxatekatik ekarritako segizio argazki ikusgarrietara pasatzen gara, eta horien alboan Filippo Ferrariren Trasporto solenne del cadavere di Maria Luisa di Borbone Regina delle Spagne grabatu zoragarriaz goza dezakegu. Beste ikuspuntu batetik begiratuta, berriz, Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museotik ekarritako XIII. mendeko Ilarduiako Beltzebua Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegitik jasotako munstroen inguruko bildumarekin nahasten da, Federico de Madrazoren estanpa bikainen alboan.

Eta guztia Javier Viverrek 2017. urtean Aurelia Inmortal marmokaren inguruan egindako argazki sailarekin bukatzeko, aurrerapen teknologikoa, biomedikuntza eta hilezkortasunaren inguruko galderak zabalik uzten dituena. Zeren eta nolakoa izango litzateke gure gizartea gizakia hilezkorra balitz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.