'GREET STRANGERS'
Egilea: Kate Newby.
Noiz arte: Otsailaren 22ra arte.
Non: Cibrian galerian, Donostian.
Erakusketa bat ikustera joaten garen aldi oro, hura bisitatzeko eman beharreko lehen pausoa, beti, erakusketa aretoan barneratzea izaten da. Eta barne espazio horiek mostren instalazioekin, alegia artelanak non eta nola kokatu erabakitzearekin, ze argi piztu edo itzali zehaztearekin, testuen kopurua, tamaina eta estetika definitzearekin, hormetako koloreak aukeratzearekin… eraikitzen dira. Hau da, erabaki horiek guztiak hartzearen ondorioz, bisitariak jasoko dituzten barne espazioak sortzen dira. Eta hartutako erabakien arabera, modu batekoak edo bestekoak izango dira, eta mezu jakin batzuk edo beste batzuk zabalduko dituzte. Baina prozesuaren emaitza beti izango da barne espazio baten eraikuntza. Erakusketak barne espazioak dira, normalean horma batzuek, sabaiek eta zoruek mugatutako eremuak izaten direlako; baina barne espazioak ere badira, haiek bisitatzeko instalazioa osatzen duten elementu horietako bakoitzak espazio zehatz eta mugatuak sortzen dituelako, barnealde eta kanpoalde bat definituz. Eta, noski, hura osatzen duten artelanek ere barne espazio horri begiratzen eta erantzuten diote. Horregatik, maiz hitz egiten da erakusketa batera sartzeaz eta ateratzeaz, nahiz eta hura espazio ireki batean kokatua izan.
Baina erakusketa atera al daiteke bere barne espazio horretatik? Izan al lezake kanpora begira jarri, eta posizio berri horretatik, erakusketa espaziotik kanpo dauden bisitariak interpelatzeko gaitasunik?
Ez da erraza, horretarako bederen intentzioa edo nahia eta baliabideak behar direlako. Gainera, halako esfortzua egiteak agian askotan ez du merezi ere, erakusketarekiko koherentea ez den ekintza bat edo hari ekarpen handirik egiten ez dion bat ere izan baitaiteke.
Bilboko Rekalde aretoko erakusleihoa erabili izan da hainbatetan horretarako, zenbait artelan beirateen kontra, kalera begira jarri izan direnean. Eta oraingoan Cibrian galerian ere izan da halako intentziorik Kate Newby artistaren eskutik, bertan duen Greet Strangers erakusketarekin hain zuzen; kasu honetan, ordea, Rekalde aretoko erakusleihoan egin izan dena baino ekintza erradikalago batekin. Newbyk propio bertarako egindako hiru lan, hiru beirate (Sing It, Great Strangers —erakusketari izenburua ere ematen diona— eta We Float), galeriako fatxadan txertatu ditu. Horrela, ez dira soilik kanpora begiratzen duten lanak, baizik eta kanpoaren eta barnealdearen arteko trantsizio bilakatzen direnak, kanpoko bisitariekin ez ezik, arkitekturarekin ere zuzeneko elkarrizketan ari direnak. Normalean hain definituta eta hain bereizita agertzen diren barne eta kanpo espazio horien arteko mugak lausotu eta kolokan jartzen ditu.
Galeriaren barnealdean dauden piezek ere badute jolasetik, nahiz eta erakusketaren barne espaziotik ihes ez egin. Batzuek, zuzenean, elementu arkitektonikoei egiten diete erreferentzia; adibidez, lurretik sabairaino teila itxurako piezekin luzatzen diren bost obra koloredunek osatzen duten instalazioak. Beste zenbaitek, aldiz, bisitariekiko interakzio zuzena sortzen dute, aretoa alde batetik besteraino okupatzen duen WE NEED A PART lanak esaterako. Espazioaren zabalera guztia hartzen duenez, bisitariak hura zeharkatzera obligatuta daude haren atzeko beste lanak ikusi ahal izateko; hala, piezan sartzera, barneratzera behartzen ditu instalazioak. Batzuk soken azpitik igaroko dira, baina besteak, agian, soka horietatik zintzilik dauden brontzez blaitutako zintzilikarien artetik pasatzera ausartuko dira; haietako bakoitzari banan-banan eta zuzen-zuzenean begira, beren gorputzaren dimentsio eta mugimenduez inoiz baino kontzienteago izanik; obraren, espazioaren eta gorputzen artean sortzen diren tentsio une eta harremanez gozatuz.
Galeriako fatxadan txertatutako beirateek ere, badirudi izan bazutela horretarako intentziorik, alegia, espazioaren kanpo zein barneko bisitarien gorputzekin zuzenean erlazionatzekoa, haiek blaitu eta zeharkatuz, urre kolorekoak izanik proiektatu dezaketen kolorearen bidez. Horretarako, ordea, eguzki izpien beharra dago, eta Euskal Herri atlantikoan, negu partean behintzat, halakoak eskas izaten ditugu. Dena den, eta eragozpenak eragozpen, erakusketa jostaria eta kontzeptualki trinkoa da. Hori bai, ahal izanez gero, eta proposamenaz osotasunez disfrutatu ahal izateko, bisita egun eguzkitsu baterako uztea hobe.