'Gizon bat lotan'

Barne-bidaia, begia lagun

2014ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Egilea: Georges Perec.Argitaletxea: Igela.

Georges Perecek (Paris, 1936- Ivry sur Seine, 1982) (eta ez 1963an, Perecek gustuko lukeen arren, iruzkintzera gatozen euskarazko edizioaren akatsak agertzen duen legez) oro eta ezereza deskribatu nahi izan zituen, hiriak urdindutako gizakiaren egunerokoa eta psikearen ezkatarik ezkutuena idatziz eman nahi zituen. Errealitatearen handitasun makroskopikoa eta xehetasunik ñimiñoena literatur-olgeta bihurtu nahi zituen. Eta deskribatzen zituen lokamutsetako txango psikotropikoren bat lirudikeen arren, goizegi harrapatu zuen heriok baino lehen erdietsi zuen. Horrela bada, Oulipo mugimendu esperimentaleko idazlerik jostagarrienak, XX. mendeko idazlerik ausartenetarikoak, literaturaren Olinpotik begiratzen digu, dena dakusan begiaren botereaz begiratu ere, bere obraz gozatzeko literatur-goraldia eskaini digu. Euskara zehatz eta orekatuan ematen zaigu, anti-nobela honi gagozkiola, Juan Luis Agirreren eskutik.

1967an argitaratu zuen anti-eleberri psikologiko Gizon bat lotan(Igela, 2014) honetan, argitaletxe berak aldi berean euskaraz argitaratu duen Gauzak, 60etako istorio bat arrakastatsua argitaratu eta bi urtera, atributurik gabeko gizaseme baten xederik gabeko joan-etorri neketsu eta astunetan arakatzen du Perecek.

Liburuari hasiera emateko Kafkaren aipu bat irakur dezakegu: «Ez duk beharrezkoa etxetik ateratzea. Egon hadi mahaira eserita, eta entzun. Ez entzun, nahi ez baduk, egon hadi zain, besterik gabe…». Barne-bidaia baten aurrean gaudela adierazten zaigu, baina ez da barne-bidaia arrunta izango, kaleidoskopio eraldatuaren zantzu guztiak izango baititu bigarren pertsonan eraikiko den narrazioak. Perecen ezaugarri nagusitzat jo daitekeen jolas-literarioaren zantzuak ere agertuko dira, izan ere, dena eta ezereza esperimentatuz deskribatu nahi zituenak ez zuen inolako arazorik literatura eta bizitza olgeta bihurtzeko. Zain egotea du muin narratzaileak, besterik gabe idaztea, bizitza bera goitik behera izendatuz eta esperientziak plano ezberdinetan zerrendatuz, usadioen grisaren eta zentzugabekeriaren berri emanez, azalean dirdiratsuak diruditen arren.

Bigarren pertsonaren erabilerak mailu baten antzera kolpatzen du bere buruarekin mintzo den pertsonaia-narratzailea, begiak ixtea erabakiko du astunegia zaion existentziaz, eta arrazoirik gabe barneratzen zaion indiferentziaz jabetzeko edo desjabetzeko. Formari dagokionez, esperimentazioaren molde guztiak darabiltzan arren (lokamuts batean zehar pertsonaiak jasaten dituen esperientziak biziki onak dira) Perecek formaz honat ere badaki bere kartak jokatzen (pertsonaia aspertuak orduak eta egunak bridgean ematen dituen legez) kasu honetan, «xehetasun txikienen hautemate gero eta zorrotzagoa eta gero eta alferrikakoa…». Ohiturak, asperdurak eta Paris urdindu baten zamak uzten dizkioten aukera itogarrien berri ematen digu, eta kasu honetan ez dauka txantxetarako gogo larregirik. Pertsonaia bizitzaren bidez suizidatuko da eta heriok ere ez du salbatuko. Narratzaileak salba lezake baina lar arduratuta dago kontakizun esperimentalean. «Ez hago hilik eta heriotzak ere ez hinduke jaregingo…». Duda izpirik gabe, opari bikoitz itzela eskaini digu Igelak: narratzaile nekaezinaren begia lagun, uda axolagabe zeharkatzeko itsaso esperimentala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.